Errefuxiatuak gerra inperialistetatik ihes egiten: sozialismoa edo basakeria

Errefuxiatuen sufrimendu latza erakusten duten irudi gogorrak ikusi ditugu.

Hau da kapitalismoaren benetako aurpegia. Milaka ari dira hiltzen itsasoan eta beren herritik alde egiteko hartu duten bidean. Bizirik jarraitu dutenek, berriz, Europa kapitalistaren hesiekin eta errepresioarekin egin dute talka. Ekialde Hurbila edo Afrika zapaldu eta gerra inperialistak bultzatzen dituen burgesia europarrak bere mespretxua adierazi du "etorkin ilegalez", "kupoez" eta "legea errespetatzeaz" hitz egitean. Demokraziaz ahoa betetzen zaion burgesia europarrak ez du arazorik izan errefuxiatuen herrialdeetako diktadurak babesteko eta hauek milioika herritar hil dituztenean beste alde batera begiratzeko. 

Komunikabide handiek "mafia trafikatzaileez" hitz egiten dute basakeria honen atzean dauden benetako arrazoiak ezkutatzeko. Baina krisi honen atzean lehengaiak, bide komertzialak edo gune geoestrategikoak kontrolatzeko helburuarekin potentzia ezberdinek (eta hauei lotutako multinazionalek) antolatutako interbentzio inperialistak daude.

Orain Europako Batzordeak 160.000 errefuxiatu hartzeko egindako proposamena demagogia hutsa besterik ez da. Hori eginda ere, nolako konponbide mota da hau Batzordeak berak dagoeneko 500.000 iritsi direla onartzen duenean eta etorkizunean gehiago etorriko direla kontuan hartuta? Bost axola Europako gobernuei ehunka mila errefuxiatuei gerta dakiekeena. Hala ere, zer espero daiteke kapital handiaren aginduetara dauden ordezkariengandik?

Noizean behin demagogia erabiliz elkartasunaz eta giza eskubideez hitz egiten duten arren, Europako gobernuen benetako plana errefuxiatuak beren herrialdeetara ez iristea da eta heltzea lortzen dutenak kontzentrazio esparruetan (baldintza miserableetan) pilatzea eta ahal bezain pronto kanporatzea. Oraingoz zazpi gune hesitu daude edo ari dira eraikitzen.

Alemaniara heltzea da errefuxiatu gehienen helburu nagusietakoa. Baina hemen ere gerra guneetako antzeko kanpamentuetan pilatzen dituzte oso baldintza kaxkarretan. Aldi berean, Angela Merkelen gobernua zentro hauetarako laguntzak mugatzen ari da errefuxiatuen bizi baldintzak gero eta gehiago okertuz. Honekin batera, deportazioen kopurua handitzen ari da, eta aurten errekorrak hautsiko ditu gobernu alemaniarrak eginkizun honetan.

Merkelen adierazpen hipokritetatik harago, erabateko permisibitatea dago Alemanian ere talde neonazien eraso arrazistekin, errefuxiatuen aurka klase politikoa egiten ari den adierazpenek bultzatuta. Hau guztia estrategia bati lotuta dago: Alemaniara iristeko helburua duten errefuxiatuak uxatzea eta, aldi berean, Italiak eta Greziak lan zikina egitea beren lurraldeetan Ekialde Hurbiletik datozenei bidea ixten.   

Ez, noski, arazo honek ez du benetako konponbiderik gaur egun dugun sistema ekonomiko eta politikoan, kapitalismopean. Sistemaren krisiak tentsio interinperialistak areagotu besterik ez ditu egiten eta honen ondorioak ezagutzen ditugu: gero eta gerra eta gatazka gehiago pobrezian eta miserian erortzen diren herrialdeetan. Arrazoi zuen Rosa Luxemburgok "sozialismoa edo basakeria" aldarrikapena egin zuenean. Kapitalismoak jarraitzen duen bitartean gerrak, pobrezia, langabezia eta sufrimendua ez dira amaituko. Sozialismoa da gizateriaren oinarrizko arazoentzako alternatiba bakarra.

----------

Ibon Artola

('Euskal Herria Sozialista' aldizkariaren izenean)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak