Gora, zuhaitzak!

Euskaldunontzat zuhaitzek oso esanahi berezia dute, hain zuzen, barnean sentitzen dugun bizitzaren magia eta misterioa sinbolizatzen dutelako.

Batetik, sustraiak ama-lurrean tinko txertatuak dituzte, eta bestetik, adarrak ortzirantz zabalduak. Mende luzeetan, gure bizi iraupenaren muina ere izan dira, jateko fruituak emanez, berotzeko, burdinola eta ontziolentzako beharrezko egurraz hornituz, edota uda sargorietan gerizpe freskagarria eskainiz. Haatik, gure arteko elkarbizitza antolatzerakoan ere, zuhaitz bat izan dugu testigu gizaldi luzeetan, gure askatasunaren sinbolo izatera heldu delarik. Beraz, ezin esan kasualitatea denik bizkaitarrak eta gipuzkoarrok ordezkatzen gaituzten armarrietan ere zuhaitzak agertzea.

Arrasaten ere nabarmen geratu zen euskaldunok zuhaitzekiko sentitzen dugun maitasun hori. Arbolapetako Indi Gaztaina moztu beharra egon zenean egin zitzaion agurrean argi geratu zen moduan. Ondoren, Arbolapetan zein zuhaitz landatu erabakitzerakoan ere ehunka arrasatearrek parte hartu zuten bozketa bitartez, eta, oraintsu, Arrasate pasealekuan, elkargunea izateko bokazioa daukan gune berri baten zein zuhaitz jarri erabakitzeko ere ehunka arrasatearrek parte hartu dute. 

Aitzitik, ezin esan dezakegu denok sentiberatasun bera dugunik zuhaitzekiko, baten batek arbola mota aukeratzeko prozesu hauek gutxietsi ere egin baititu. Nolanahi ere, garbi dago zuhaitzak guztiz bereziak direla euskaldunontzat, gure askatasunaren ikur bihurtzeraino. Iparragirrek Gernikako Arbolari buruz zioen moduan, euskaldunon artean guztiz maitatuak dira. Urtarrilaren 16an Zuhaitz Eguna ospatuko dugu Arrasaten. Animatu eta etorri denok Kurtzetxiki mendiaren magalean zuhaitz bat landatzera!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak