Oporren ostekoak

Oporren osteko sindrome, ohiturak eta sorpresak. Dagoenik ere ez dakit.

Ez dut sekula ezagutu. Nagikeria sano bat, igarotako egunen nostalgia bat, iraila nota onarekin gaindituko ote dudan zalantza; hori bai, baina sindromerik? Jaurlaritzako lehen bilera Miramar jauregian, haurrak eskolaratzeko prestakizunak, euskal jaiak nonahi, Donostiako estropadak, eta horien guztien gainetik, igarotako egunetako bizipenak entzungo dituen pazientziadun bat aurkitzea dira lanera itzultzen garen hileko gertaera nagusiak.

Ez da faltako intrantsigentziaren eredu bihurtu den Hondarribiko alardearen yin-yang konpon ezina. Etsipengarria  da, neska edo mutil gazteak Betiko alardea dioten pankartak eskuan, betikoan parte hartu ezin eta bere alardeaz disfrutatu nahi duten gizon-emakumeen jarduna oztopatzen ikustea.

J. Cortazarrek, Rayuela-n, bestea konbentzitu nahi eta kontrako iritzia inoiz ez onartzeko ohitura espainiar-argentinarra aipatzen du. Ez dago urruti joan beharrik gure inguruan adibide franko ikusteko. Hondarribikoa nabarmenena izanik, beldur naiz ez ote den Oñatin horrelako zerbait gertatzen ari jaietako danborradaren inguruan.

Ez dut gaia ezagutzen eta ez dut inoiz interes txikiena ipini danborradan. Iritzia emango banu ez nuke gauza onik esango, ez orain artekoaz, ez honen ordez egingo den beste desberdin batez. Azken batean, desfileak beti desfile izango dira.

Donostiako piraten eta Bilboko konpartsen arrakastak hiru elementutan oinarritu dira: herritarrak, parte-hartzaileak, pluralak. Eta irudimena eta berritasuna. Gauza desberdinak sortzea.

Sasoi batean, Bizkaiko kostako herri batean bi danborrada egoten omen ziren. Ez da herri baten bizikidetzarako eredu onena. Herritarrak, parte-hartzaileak eta pluralak izango diren irtenbideak proposatzea beste aukerarik ez dago, baina jarrera espainiar-argentinarrak albora utzi behar dira. Hala uste dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak