'Zaborreziketa': zer da hori?

Kezkatzekoa da aspaldian nire inguruko zaborrontzietan ikusten ari naizen jendearen jokabide aldrebesa.

Badirudi, nahita edo nahigabe, mila aldiz esan eta azaldu diguten arren, zein zabor-hondakin zein ontzitan sartu behar den argi ez dugula.

Eskerrak kolorez bereizita dauden, informazioa etxera bidaltzen diguten, eta abar.

Tesi bat baino gehiago egiteko emango ligukete edukiontziekin gertatzen diren jarrerek.

Gogoratzen naizen kasuen artean, ikusi dut jendea kartoi handiak ez tolesteagatik kanpoan uzten dituenak –bai, bakarrik sartuko diren esperantzaz edo...–; badaude beste batzuk kartoiak kanpoan utzi eta, bekatuaren aztarna ezabatzeko asmoz, helbidearen eta izen-abizenen pegatina kentzen bost minutu baino gehiago egoteko prest daudenak; badaude beste batzuk zaborrontzi marroira edozein motatako poltsak, papera eta ontziak botatzen dituztenak; lehengo egunean ikusi nuen txintxo-txintxo plastikoa birziklatzen pertsona bat, eta plastikozko poltsa hustu zuenean paperaren edukiontzira bota zuen –primeran, gauza arraroa benetan–; badaude beste batzuk ostegunetan objektu handiak atera beharrean, asteko beste edozein egunetan ateratzen dituztenak, eta, badaezpada, ordu txikitan; baita ere egongo dira beste batzuk orain zaborrontziak atzetik txartel gabe ireki ezin daitezkeelako kexaka –metalezko txapa bat jarri diete edukiontziei, orain dela gutxi, atzeko partean–.

Horrelakoak gara gizakiak.

Konponbide zaila ikusten diot, zaborreziketa galanta falta da gizartean, oro har.

Atzerrian egon naizenean, herrialde askotan gutxiagogatik jartzen dituzte isunak. Eta askotan, hori da gauzak ikasteko bide bakarra, zigorra. Orduan ere izango zen zeozer.

Eta ez naiz hasiko txakur gorotzen gaiarekin. Grazia handia ematen didate beraien txakurra kaka egiten hasi eta mugikorrera begira hasten diren pertsonak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak