"Zein elikatuko dut! Eta zuk?"

Badauzkat mila proiektu barruan.

Batzuk atzoko, beste batzuk gaurko eta asko jota azkenak biharko. Ez dakit proiektuak diren, nire ilusioak ote diren, onak edo txarrak diren... Zernahi direla laguntzen didate, batetik, momentu honetan nor naizen jakiten, nor izatera heldu nahi dudan argitzen, zein bide hartu behar dudan hausnartzen, eta bestetik, nire beldurrak azaleratzen, nire sinesmenen sustraiak eztabaidatzen, Ai, zein gogorrak diren! Borroka da, eta ez makala. Baten batek esan zuen: "Nire bizitzan arazo asko eta asko izan ditut; gainera, haietako batzuk egiak ziren". Honek istorio bat kontatzera narama: 

Bazen behin, Gabonen bueltan, suak sortzen zituen garren berotasunean aitona bat ilobekin jolasean. Halako batean ilobak batu, eta gaztetako joan-etorrien inguruan ipuina kontatu behar ziela esan zien. Umeek beti zituzten gogoko aitonaren gaztetako istorioak; han hasi zen:

"Nik zuen adina nuela banituen barruan bi otso handi eta bortitz. Biak beti borrokan, bata bestea menperatu nahian, itzelak izaten ziren euren arteko egonaldiak; batak, umiltasuna, laguntasuna,  umore ona, esfortzua eta beste hainbat gauza on zituen; besteak, ordea, berekoikeria, amorrua, haserrea, irainak, hainbat izaera maltzur zituen. Gatazkak ezin zuen betiko iraun, batak edo besteak, onak edo txarrak, bietako batek garaile irten behar zuen, baina biak ziren erraldoiak. Orduan aitona isildu egin zen, isilunea luzatuaz, eta umeen egon ezina areagotuz joan zen. Azkenean, Manexek, ilobetatik zaharrenak, egoera jasan ezinik aitonari galdetu zion: "Aitita, bietako nork irabazi zuen, bada?". Aititak isilunea pixka bat gehiago luzatuaz eta iloben arreta erakarri nahian zera erantzun zion: "Nik jaten ematen nionak!".

Nik gaur, orain, otso ona gura dut elikatu, umiltasuna, laguntza, konpromisoa, ahalegina…. alegia, M. Proustek zioen bezala, "bidaietan benetako aurkikuntza ez da lurralde berriak ezagutzea, gauzak beste begi batzuekin ikustea baizik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak