Bukaera guztien hasiera

Erabiltzailearen aurpegia Iraitz Agirre Aranguren 2019ko api. 17a, 09:03

Adinaren zera izango da, beharbada, baina azkenaldian askotxo berba egiten ari gara inguruko tribu-kideon artean ziklo eta bizimodu aldaketez.

Berba egiten eta ziklo aldaketen arteko jauzi horiek bizitzen, halabeharrez edo hala gura izanda.

Bakoitzaren heldu-lekuak edo haustura-lekuak edozein direlarik ere, egun batetik bestera, goitik behera eta ezkereskuin, gure bizitzaren oinarritzat izan dugunak dar-dar egin, eta beldurrik sakonenekin dantza bihurrian aritzea egokitu izan zaigu.

Zikloak hasi, garatu eta itxi egin behar omen dira. Batzuetan, hil ala bizi edo bizi eta irauteko ezinegonak kudeatzen ari garela iruditzen zaigu eta beste batzuetan, praktikaren ekinaz, apenas ezer aldatzen ez dela konturatzen gara.

Hala ere, behin eta berriz horrela sentitu arren, kuriosoa da ixtear diren ate horien aurrean, mingarri agian baina ezagun dugun horri estu lotzeko joera zein handia izan daitekeen. Ohitura inertziara lotzen gaituen indar boteretsua da. Horregatik matxinatzen zaizkigu barruko mamu guztiak itxiera eta irekieren artean.

Ez du merezi orainaldia etorkizunik ez duen iraganean katramilatuta pasatzea, ordea, jada itzuliko ez diren sentimendu eta momentuetan kateatzeak merezi ez duen bezala. Ezagun den horretatik ezezagunera mugitzeak badu abentura kutsu bat gainera, bizi izandakotik ateratako ikasgaien memoria osatzeko aukera ezin hobea eskaintzen digu eta.

Zer ikasi dugu dantzaldi honetan? Zerk harritu gaitu gehien gutaz? Ezagutzen ez genituen zenbat mugarekin egin dugu topo? Eta zenbati egin diegu aurre?

Gogo-gorputzetan bizi ditugun eraldaketa guzti horiek, kentzen digutena baino askoz gehiago ematen digutelakoan nago.

Hala beharrez edo hala gura izanda, garrantzitsua da zikloak ixten joatea, bukaera guztiek dute-eta hasiera bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak