Tarrapata, tapata, tan…

Gaur, Donostiako danborradaren hotsak, hiriko kaleetan zehar barreiaturik...

... neguko jaien atariko tarrapata, tapata, tan… zabaltzen ariko dira, negu hotz eta beltzeko festen hasiera bailitzan. Festa honen ostean turrustan etorriko dira beste guztiak: Kandelerio, San Blas, Santa Ageda, Inauteriak… 

Danborren hotsek, aldi berean, Rodariren ipuin bat dakarkidate burura: Danbolindari magikoa. Danbolindari hau gerratik zetorren pobre, sosik gabe. Bidean amonatxo batekin topo egin eta honek txanpon bat eskatuko dio. “Amonatxo, bat ez, bi ere emango nizkizuke, banitu”, erantzungo dio. Amonak orduan, poltsikoetan berriz begiratzeko esango dio, eta danbolindariak, poltsikoa berriz arakatzerakoan, txanpon bat aurkitu eta amonatxoari emango dio. Honek danbolindariaren mesedea eskertzeko opari bat emango dio trukean: “Zure danbolina jotzen hasten zarenean dantzan hasiko dira entzule guztiak”. Soldadutxoari etxera bidean hiru lapur aterako zaizkio, eta danbolindariak orduan zer? Tarrapata, tapata, tan…

Hamabost egun barru, danbor hotsek baino etxafuegoek itzartuko gaituzte, Santa Ageda mutilak, kintoak, kalera irteten direnean. Festan murgildurik, santa-eskean koplak kantatuz, etxafuegoak izango dituzte lagun bertan daudela abisatzeko. Ez daitezela bihur etxafuegoak, aurreko urteetan lez, zakarrontziak lehertzeko arma. Eta bestela, has dadila kintoen soldadutxoa danbolina jotzen tarrapa, tapata, tan… eta dantzan jar daitezela eurak lehertu arte!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak