"Nobel sariak"

Aurten, Europako Batasunak Bakearen Nobela jaso duela eta...

... ez da beste izendatuez askorik idazten. Apenas lau lerro, literaturako saria txinatar batentzako joan dela esateko. Eta hori ere bere polemikarekin, ze Mo Yan, orain arte Nobel saria jaso duten hamar txinatarren artean, Txinan bizi den bigarrena baita. Aurrekoa kartzelaratua dago eta beste guztiek urte asko zeramatzaten atzerrian bizi izaten saria jaso zutenean.

Kontuak kontu, Medikuntzako sarituen lana oso esanguratsua izan da, komunikabideetan isla gutxi jaso duen arren. Sir John B. Gurdon britainiarrak eta Shinya Yamanaka japoniarrak zelula helduak birprograma daitezkeela ohartzeagatik jasoko dute Nobel saria datorren abenduaren 10ean. 

1962an, Gurdonek igel zelula heldu (diferentziatu) baten nukleotik igel berri bat garatu ahal izan zuen. Aurkikuntza harekin, biologiako dogma zahar bat zalantzan ipintzeaz aparte (zelulak bere garapenean atzerantz egin ezin zuela zioena), beste animalia batzuen klonaziorako bidea zabaldu zuen. Bide eztabaidagarria, zeren ikerkuntza hauetan derrigorrezkoa baitzen zigoto edo enbrioiak erabiltzea, eta hau ez zen denen gustuko gauza. 

Ia mende erdi geroago, 2006an, Yamanakak zelulen birprogramazioa zertan zetzan eta nola kontrola daitekeen azaldu zuen. Enbrioi edo zigotorik erabili gabe, zelula heldu bat enbrioi-moduko estatu batera eramateko lau faktore nahikoa direla deskribatu zuen. Beraiekin zelula helduak (diferentziatuak) pluripotente bihurtzen dira, eta zelula mota ezberdinak emateko gaitasuna irabazi. 

Gurdonen eta Yamanakaren aurkikuntzek eragin handia izan dute osasun-ikerkuntzako arlo askotan, eta, ikerketa horien emaitzak oraindik gizakietan erabili ez badira ere, bada, laster zelula pluripotenteak organo berriak sortzeko erabiliko direla espero da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak