Esanak ez dakar izana

Lanetik bueltan etxeko atarian giltza sartzera joan eta hara zer topatuko atean eta, Udal Gobernuaren beste bando bat.

Oraingoan, Basabeazpiko bidegorriarekin egitera doazena herritarrokin partekatu nahi omen dute. 

Herritarrok jakin eta ezagutu gura dugu, bai. Gure diruekin Udalak zertzuk eta nola egiten dituen jakin eta ezagutu nahi dugu. Eta kudeaketok herritarron ongizatea eta herriaren ekonomia eta gizarte kohesioa urratu dezaketenean, jakiteaz gain, iritzia ere eman gura dugu.

Zer eta nola egiten duten kontatzeak, gizabanakoen iritziak entzun eta kontuan hartzeak eta Aretxabaletaren etorkizuna baldintzatzen duten gaien inguruan herriari galdetzeak Udal Gobernu honek ez daukan jarrera eskatzen dute, baina. Iritzi desberdinak entzun, errespetatu eta kontuan hartzeko jarrera aktiboa, alegia. Esanak eta parte-hartze hitza sarri errepikatzeak ez baitakar izana.

Kirol etxearen kudeaketarekin gertatzen ari dena da jarrerarik eza horren azken adibide garbia. Gardentasun falta eta isiltasuna arduradun politikoen aldetik. Kirol batzordetik gaia atera, alderdi politikoak eta interesatuak baztertu, udal teknikarien gomendioak entzun ez eta Udaletik kanpoko abokatuen esku utzi dute Udalak berak egin beharrekoa egitea. Kontratua bertan behera lagatzeko akordioa da ezagutzera eman digutena soilik. Eta aurrerantzean zer? Kudeaketa ereduaren eta udal aurrekontuetan urtero sortuko duen zuloaren zantzurik ere ez.

Eta hiri hondakina legealdiko adibidea dugu. Azkena, Mankomunitateak argitaratutako datuen irakurketan benetako arazoa iritzi publikoari ezkutatuz: Aretxabaletan 25etik 50 tona bitarteko zabor kopurua desagertzen da hilero atez ateko bilketa sistema ezarri zigutenetik, datuon arabera. Herritarron erantzuna eskatzen duen udal jarrera kezkagarria.

Galde gaitzaten nahi dugu.     

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak