Gainazaleko parte hartzeak

Arrasateko Udal Gobernuaren azken arrakasta San Andresko jolas parke berria aukeratzeko parte hartze prozesua izan da. Enpresa batzuek aurkeztutako 8 proiektu aukeran eman zaizkie herritarrei. Baina proiektuek benetan asetzen al dituzte auzotarrek, ondoan dagoen eskolak, haur eta zaintzaileek dituzten beharrak?

Azkenaldian herrian berriztu diren parkeen oinarrizko ezaugarriak ondo aztertuak eta benetan modu parte hartzailean landuak izan diren zalantzan jartzen dut. Hau da, parkeek haurren garapenean zein ekarpen egingo duten, zein adin tarteri zuzenduta egongo diren, zein azalera eta formatu eman nahi zaien, estalkia edo itzala behar duten, familia osoarentzat erakargarriak eta erosoak izango diren, natur elementuetan oinarritzea posible den, ezintasun fisikoak eta bestelakoak dituztenentzat irisgarriak diren, ghettifikazioari aurre egiteko haurren elkar ezagutza bultzatzeko balioko duten… Nire ustez, koloreak eta formak aukeratzea ez da nahikoa.

Arrasateko haur eta familiek dituzten beharrek erantzun landuagoak merezi dituzte, hauek hezkuntza formalean, ez formalean, gurasoen eta haurren artean bilatu beharko genituzke, ez bakarrik politikari eta hirigintzaobretako teknikari gutxi batzuen artean. Badira herrian hirigintzako esku hartzeetan modu hezitzailean eragiteko sortu diren ekimen oso interesgarriak, baita ekimen txikiagoak ere. Hain justu, Kurtze-txiki parkearen ondoan Bedoñabe eskola dago. Eskola honetako lagunek parte hartze bitartez –bilerak eginez, ez Internet bidezko bozkak– lan txukuna egin berri dute, patiorako proiektu bat diseinatuz. Esango nuke Udalak Kurtze-txikirako aukeran eman dituen 8 parke horiek ez dutela inongo konexiorik eskolan modu paraleloan egin den lanketaz. Uste dut patioa eta parkea elkar osagarriak izan daitezkeela, baina horretarako lanketa oinarrian egin beharko litzateke, erabiltzaileekin. Horrelakorik egiten ez dela argi dago, parkeko eserlekuen gainean taula sintetiko batzuk jarri berri dituzte, eguzkiarekin izugarri berotzen direnak eta heldu gehienei hankak lurrera heltzea eragozten dizkietenak… izugarriak dira.

Auzo horrek eta parke horrek berdegunea, itzala eta plangintza erakargarri bat behar dituzte, ez gainazaleko parte hartze mediatikoak.

----------

Eneko Fernandez

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak