Abenduaren 31n Arrasaten ebatu soka!

Lelo horrekin Arrasaten kartelak ikusi ditugu egunotan.

Zazpi preso daude Arrasaten eta hainbat iheslari ere bai. Senide edo lagun bakoitzak, batez beste, 1.646 kilometro egiten du astero, guztira 1.526,16 euroko diru kostuarekin, errepide arriskuekin... Iosu Arkauzen kasuan, gainera, espetxean mantentzen dute, nahiz eta Europak Frantzian betetako zigor urteak kontatu behar dituela esan Espainiako Estatuari. Beste lege urraketa bat. 

Urte asko, urte gehiegi igaro ditugu labirintoan. Irteera sumatu ezinik. Handik aterako gintuen hariaren bila. Baina, urte askoren buruan, azkenean, aurkitu egin dugu! Hari argia. Argi izpia. Irteera aldera goaz orain, aterabidearen hurbiltasunarekin eta itxaropenarekin. Nor bere hari zatiari helduta.

Baina, ibilbidean aurrera, hainbat harri agertu zaizkigu. Hainbat behaztopa harri etsigarri. Batzuk ttikiak dira, baztertzen errazak. Beste batzuk mugituko baditugu, esku askoren laguntza behar. Baina badira harri puska mugigaitzak ere. Alimalekoak. Labirintoa labirintikoago egiten dutenak, irteeraren poztasuna zapuzten dutenak.

Baina harriak ez daki nire haria hariagoa dela zurearekin lotuz gero, eta guztion hariak harilkatuta, soka bat sortzen dela. Zenbat eta hari gehiago lortu, zenbat eta hari gehiago lotu, orduan eta sokagoa da soka, sendoagoa, gotorragoa. Eta hamaika hari finez osatutako soka irmoaz harria bilduta, denok norabide berean, tira handik eta tira hemendik, kirrikilun-karrakilun, harria mugitzea lortu dugu. Eta bidea zabaltzearekin batera, konkorra gutxitu egin zaigu eta tenteago goaz gu, zuzenago, zeren urte asko, urte gehiegi igaro baititugu labirintoan, zama handiegiarekin.

Eta urrun ditugunekiko hurbiltasunak eta itxaropenak bultzatzen gaituzte irteerarantz.

Zeu ere etorri gurekin eta ebatu soka abenduaren 31n, 19:00etan, Herriko Plazan. 

Denon beharra dugulako, urtarrilaren 9an, Bilbon eta Baionan, harriak mugitzen hasteko. Zatoz!

----------

Gari Uribetxeberria eta Edurne Iraola

(Arrasateko Sareren izenean)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak