Oraingoan, mugikortasuna aitzakia hartuta, batzuei egurra emateko aprobetxatuko dut zutabea.

Lehen bejondeizuela, txakurrak solte darabiltzazuenoi. Bazoaz bizikletan bidegorrian, eta ez du ezer egiten, jolaserako gogoa besterik ez dauka, eske txakur mugitua da… eta zuri, mugitu, bizikleta mugitzen zaizu, eta barruak ere bai. Jakizue, nik ez dut izaten zuen txakurrekin jolaserako gogorik.

Bigarren bejondeizuela, bidegorriko oinezko batzuei. Entzungailuak jarrita, atzetik zein etor daitekeen ez dakizuela zabiltzatenoi, egurra! Hartxintxarra dagoen aldera joko duzu zarata apur bat atera dezan, txirrina ere joko duzu, ea balaztatuz… keba! Eta zure aurreko modernoak, pausotxo bat ezkerrera, hurrengo eskumara, eta zu, nondik aurreratu ez dakizula. Azkenean, eupadaren bat joko diozu bazatozela adierazteko, ezustekoaz sustoa hartuko du, eta, bera haserretuko zaizu.

Bizitzak baditu paradoxak gero! Amaitzeko, zebra bideak gurutzatu baino gehiago, bertan bizi direla dirudizuenoi, hain geldo pasatzen baitituzue. Xelebrekeriak ikusten ditut!

Bada zein, pito bat inporta ez zaionik zain dagoena. Bakoitza berera, eta gora ni!

Badira exhibizionismo punttu bat dutenak ere: zebra bidean baino gehiago, Zibeles pasarelan daudela pentsatuz, hala diotela dirudi: "Banator, gera bedi mundua, eta begira…". Gora zuek, zebra bideak glamuroso gurutzatzeko ere balio behar da eta! Baina bereziki, guraso negoziatzaileek egiten didate arreta. Gurasoa bi pauso aurretik, umeak ezetz… gurasoak, zatoz… umeak, ez, ez eta ez… Eta orduan, un pasito palante koreografia hasten dute. Gurasoa umearengana, umea atzera, etorri, ba… Eta zu zain! Gurasook, negoziazioez gain, bada ariketatxo sinple bat: umeari ipurdipean esku bat jartzen zaio, bestea sorbalden inguruan, jaso eta beste aldera pasatzen da. Eta gero, segi negoziatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak