"Larraitz Ugarteri"

Uztaileko azkeneko ostiralean Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugarte...

... elkarrizketatu zuen GOIENA paperak. 

Elkarrizketan, Gipuzkoan egiten ari diren obrei buruz aritu zen, egin behar direnei buruz, horien gaineko bere iritzia plazaratuz. 

Datu asko ez dakizkidan arren, eta horrek hanka erraz sartzea ekarri dezakeen arren, horri buruzko nire iritzia plazaratzera noa.

Egia esateko, zain egon naiz ea Debagoienetik erantzunen bat izaten zuen, ez dakit ba, alkateren batena edo, baina… a ze inozoa ni! Politikan, berdin da alderdia, adostasun osoa izaten da alderdikideen artean. Ba nire ustez, ezadostasunak, sanoa eta naturala izateaz gain, adostasunari berari indarra emateko ere balio du. Beti eta denean ados, arraroa, ezta?

Herritarren eta eskualdeen oreka bultzatu nahi duzuela diozu elkarrizketan, Larraitz, horregatik ez dela bidesaririk jarriko ez Etxegaraten, ezta Andoainen ere, baina hara non, Deskargan bai, ostera. Ez duzuela Etxegaraten bidesaririk jarriko partxe bat delako, garraiolariak ez kaltetzeko. Bale, ados. Baina debagoiendarrok kaltetu ala ez berdin da? Debagoiena Goierri aldearekin, Donostiarekin batuko duen betiko bidea, eta bidesariaz? Zergatik Deskargan eta ez Zumarragan, Ormaiztegin, Tolosan edo beste nonbaiten? Goierriko herriek, trena izateaz gain, N-1 dohainik izango dute eta guk ez? Hori da bultzatu nahi duzuen eskualdeen arteko oreka?

Esaten duzu Deskargako bidesaria bankuek jarritakoa dela. Bankuek diruz estutuko gaituzten seguritate osoa daukat, Larraitz, baina zaude lasai, ez zaie-eta hainbeste inporta diru hori nondik datorren, Deskargatik datorren, Andoaindik, edonondik. Beraz, uste dut hori erabaki politiko bat dela, eta gainera, hobe zenukete hala dela esatea; bestela, herritarrok, lehenaz gain, gehiago despistatzen baikara. 

Honetan zalantzarik baduzu, begira Rajoy, hori bai maisua: guztioi ikusarazten ari da erreskatearen gaineko erabakia berea dela, ba pentsa zuentzat, bidesarien hau… ahuntzaren gauerdiko eztula.

Besarkada bat Antzuolatik.

--------------------

Gotzon Iparragirre

Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak