Nicholson, Maia eta Zarraoa

Erabiltzailearen aurpegia Feli Zumalde 2016ko api. 15a, 09:56

Aste honetan hitzaldi potoloak egon dira Oñatin, Kultur Etxean.

Elikadura burujabetzaz jardun zuen Paul Nicholson bizkaitar baserritarrak asteartean, eta erabakitzeko eskubidearen gainean beste bik, Jon Maia zumaiarrak eta Iñaki Zarraoa getxotarrak, asteazkenean. Ortuzabal taldeak antolatuta lehendabizikoa eta Erain Debagoiena / Oñatiko taldeak bestea. 

Jende ugari bietan. Zerbaiten seinale. Sistema ekonomikoak eta politikoak, gurean ere, goia jo du eta jendeak bide berriak nahi ditu. Bide parte-hartzaileak eta hurbilekoak, geure esku daudenak. Alde batetik, nekazaritza lokala eskubide politikoa da, eta, gaur egun, baserriaren gainbeheraren irteera. Gazteen esku dagoena. 

Beste aldetik, erabakitzeko eskubidea praktikan jartzen hastea da geure etorkizuna. Gai politikoak, ekonomikoak, sozialak eta laboralak gero eta urrutiago erabakitzen dira, gutxi batzuen mesedetan. Finantza enpresak lurraren jabe egiten ari dira, di-da batean dena da saldu eta erosi, baina oraindik ez dira gizon-emakumeon jabe. Horixe da gure indarra. Herritarron indarra. Maia, Nicholson eta Zarraoa bat datoz horretan.

Ekaineko galdeketaren aurrean, garrantzitsua ez da irabaztea edo galtzea, independentziaren alde egotea edo Madrilekin aldebikotasuna nahi dugun azaltzea. Erabakia nork hartzen duen. Hori da benetan garrantzitsua. Geureak diren gauzetan geuk erabakiko dugula esatea, nahi dugula erabaki, eta ahal dugu egin, gainera. Ekainean Debagoienean horretara goaz elkarrekin. 

Jon Maiak zioen norberaren trintxera mentalak hautsi eta drenaje soziala egin behar dugula gehiengo soziala erabakitzeko eskubidearen oinarrizko eskubide demokratikoaren alde jartzeko. Horretarako tresna betearenganako enpatia dela esan zuen. Iñaki Zarraoak azpimarratu zuen eraginkorrak izateko gehiengoa lortu behar dugula.

Bi kultura politiko ados azaldu dira erabakitzeko eskubidearen alde Oñatin. Badira kultura politiko gehiago, kolektibo sozial gehiago adostu beharrekoak. Ahal dugu eta egingo dugu.

----------

Feli Zumalde eta Jotxo Larrañaga

(Erain Debagoiena / Oñatiko taldeko kideak)

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak