Guztion ahotan dabiltza azken hilabeteotan Femen talde feministaren ekintzak.

Hau idazten dudalarik azkena, Rouco Varelari egindakoa. Kotxeko irratian entzun dut honi buruzko eztabaida, gizon baten eta emakume baten artekoa, biak aurrerakoiak.

Gizasemea, ekintzon alde, egun ikusgarritasuna eta komunikabideetan oihartzuna lortzeko modu aproposa delako. Andrea, berriz, kontra, emakumeen gorputza erabilia izateko beste modu bat dela uste baitu. 

Nik beste modu batean ulertzen dut Femenen soin biluzien eta manera militarren mezua, mende luzez gure indarraz baliatu izan garen gizonoi zuzendua: ikus nire gorputza, ikus hainbestetan irrikatu duzuna; nirea da, ez zurea; ezin duzu ukitu, ezin duzu zureganatu, ez dizut ezta desiratzen utziko ere; nirea da, nik berreskuratu dut, eta zuk, ni baino gehiago zarela uste duzun horrek, ez duzu sekula zuretzat izango. Beraz, Femenen alde nago, emakumeen buru- eta gorputz-jabetasuna aldarrikatzen duelako eta, hein handi batean ere, matxismoa ernegatzen duelako. 

Baina feminismoa ez da Femen bakarrik, gaitz erdi. Feminismoak beste bide eta manera asko dauzka, eta ezin dugu Femenek beste guztiak estaltzen utzi. Madrilen eta Parisen, otsailaren lehenean, Askatasunaren Trenaren lelopean, Espainiako Abortu Lege berriaren aurka egindako manifestazioek feminismoaren indarra, lekua eta garrantziaren irudia eman digute. Asturiasko tertulia feminista txiki batetik sortutako ekimena milaka pertsona bildu dituen uholde bihurtu da. Finean, ondoriozta dezagun beharrezkoak direla Femen eta bestelako feminismo guztiak, oraingo Abortu Legearen emergentzia honi aurre egiteko, baita betiko gizon-emakumeen arteko berdintasuna erdiesteko ere. 

Helburua da funtsa, metodoak baino gehiago. Lastima litzateke metodoen gaineko eztabaidan denbora eta helburua galtzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak