Herrialde itun bat eskubide berdintasunerako

Bageneukan emakumeen eta gizonen berdintasunerako lege bat EAEn, 2005ekoa. Lege horrek jarri zuen berdintasuna mapa politiko-administratiboan. Ondorioz, baliabideak jarri ziren EAEko administrazio publikoetan berdintasuna sustatzeko: berdintasun planak ezarri zituen, zerbitzu publikoetan genero-ikuspegia txertatzeko lehen urratsak egin zituen, administrazioan hizkuntza inklusiboa erabiltzen hastea ahalbideratu zuen eta ordezkaritza politikoan parekidetasuneranzko bidea finkatu zuen.

Legea eta bere karira egindako lana ez da izan nahikoa, nabaria da, emakumeen kontrako diskriminazioa ezabatzeko, emakumeen kontrako indarkeria gizartetik erauzteko. Horregatik, Eusko Legebiltzarraren gehiengoak herrialde itun bat ikusten du beharrezko berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren kontra, eta horri erantzutera dator 2005eko Berdintasun Legea aldatzeko legea: Eusko Legebiltzarrak joan zen martxoaren 3an onetsi zuen legeari goitik beherako aldaketa egingo dion lege berria. Hain da aldaketa sakona, ezen izena ere aldatu baitiotela: hemendik aurrera, Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko eta emakumeen kontrako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko legea izango da orain arte berdintasunerakoa baino ez zena.

Gizarte berdinzalea helburu

Hori baita lege aldaketa berri honen xedea: aldarrikatzen du pertsona orok askatasuna duela eremu publikoan zein pribatuan erabakiak hartzeko, ohiko rolek sexuaren arabera ezartzen dituzten mugak izan gabe. Xede du gizarte bat, non berdin aintzat hartu, baloratu eta bultzatuko baitiren emakumeek eta gizonek dituzten portaerak eta premiak.

Ez da egiteko makala. Aurreikusten ditu legeak genero-ikuspegipeko aurrekontuak, berdintasun planak erakunde publiko zein pribatuetan, langileen trebakuntza, genero-ikuspegia kontratazio publikoan, plan estrategikoetan, lurralde antolaketan. Era berean, hezkidetza hezkuntzako egituretan, curriculumean zein irakasleen artean, eta, espresuki, genero-ikuspegia Lanbide Heziketan. Eta baita ere komunikabideetan, gizarteratzean, osasunean, gizarte hedabideetan… Gizartearen eta administrazioaren atal guztietan txertatu eta bultzatu beharko dira berdintasuna eta indarkeriaren kontrako neurriak, barne hartuta ordainsari-diskriminazioaren kontrako planak eta emakume zein gizonei eragin beharko dieten kontziliazio planak.

Indarkeria matxista, giza eskubideen urraketa

Hala aitortzen du legeak. Emakumeen kontrako indarkeria matxista, eransten du, gizarte-arazo eta osasun publikoko arazo handi bat da, botere-harreman ez-parekoen eta emakumeen kontrako diskriminazioaren erakusgarri argia. Emakume izateagatik emakumeen kontra baliatzen den indarkeria oro da indarkeria matxista: baita ere neska txikien, neska nerabeen eta emakume transexualen kontra egiten dena; bikotekide edo bikotekide ohiari eragiten zaiona; familia-indarkeria; torturak, sare sozialetako indarkeria, indarkeria obstetrikoa, ugalketa-eskubideen urratzea. Eta aitorpen berri bat legean: emakumeen aurkako indarkeria matxista da baita ere biktimak babesten dituzten pertsonen aurka egiten den indarkeria, bereziki, seme-alaben edo beste senide batzuen aurkakoa, emakumeari min emateko helburuarekin. Alegia, indarkeria bikarioa legean sartu da.

Etxeko lan eta zaintza-lan ez-ordainduak

Aitortza bat, behintzat. Etxeko lan eta zaintza-lan ez-ordainduak aitortzen ditu legeak, eta EAEko administrazio publikoek aldika lan hau zenbatetsi beharko dutela xedatzen du, eta lan hauek kontuan izango dituztela aurrekontuak eta politika ekonomiko nahiz sozialak prestatzerakoan. Ikusteke noraino beteko den lege-agindu hau, nolako eragina izango ote duen. Ez du esaten zaintza-lanen eredu ekonomikoa aldatuko denik. Hori bai, zaintzaile ez-profesionalen aisialdirako eta atsedenerako eskubidea aitortzen du, eta erne, gizonok, berariaz ezartzen du administrazioak gizonen erantzukidetasuna sustatuko duelako etxeko lanen eta zaintza-lan ez-ordainduen arloan.

Eta zaintza ordainduaz zer dio legeak? Botere publikoek sustatu beharreko zaintzen hornidura unibertsala eta publikoa aldarrikatzen du, zaintza profesionalen sektorean lan-baldintza duinak bermatuz.

Legearen argitalpenaren ondoren, politikak egiterako jauzia eman beharko da. Legeak erabiltzen dituen Bultzatu, sustatu, berrantolatu eta halako kontzeptuetatik, urratsa egin beharko da aurrekontuaren %1 berdintasunerako erabiltzera eta erregelamenduen neurri eta baldintzetara. Markoa oso-osorik beteko balitz, legeak asmo duen gizarte-itun horretatik gertuago geundeke, zalantza barik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak