Beethoven, Rossini eta euskaldunak

Ramon Gener dibulgatzaile operazale handiak irratian kontatu zuen nolakoa izan zen Rossinik Beethoven bisitatu zuenekoa. 

Alde batetik, Gioachino Rossini Aita Santuen Lurraldean jaiotako musikagile arrakastatsua zen, elizarako musika eta ganbera musika konposatu izanagatik baino gehiago, haren opera bufoengatik ezaguna: Sevillako bizargilea eta Gillaume Tell bezalakoengatik. Bestetik, Rossinik Europako bere biretako batean Vienara iritsi eta ezagutu nahi zuen bai ala bai bere idoloa, jada kaskartua eta ia gorra zegoen Ludwig van Beethoven musikagilea. 1822. urtea zen. Lortu zuen, bada, Rossinik Beethovenekin hitzordua, eta zur eta lur geratu zen: maisua, aurreneko erromantikoa, Ramon Generrek aipatzen duen bezala, etxe zarpail batean bizi zen eta haren itxura ez zen batere ona. Inpresio sakona eragin zuen irudi horrek Rossinirengan, eta, egun berean, Vienako aristokrazia eta boteretsuekin batera zuen afarian, hauei proposatu zien dirua biltzea Beethovenen alde. Hauek barre egin zioten: "Ez duzu maisua ezagutzen, dena xahutuko luke aitaren batean eta etzi berdin legoke".

Ez gaitezen engaina: Rossini zen garai hartako musika izarra, ez Beethoven. Ez oraindik, bederen. Beethovenek, 1824an Bederatzigarren sinfonia estreinatu zuenean, oso jende gutxi eroan zuen antzokira. Horregatik, sinfoniarekin batera Rossiniren pieza bat programatu behar izan zuen estreinaldiaren hurrengo egunetan antzokira jendea joan zedin.

Dena den, apur bat aurreratu gara. Izan ere, Rossini musikagile alemaniarraren etxera joan zenean, harekin elkarrizketa bat eduki zuen. Solas nekeza; bereziki, Beethovenekin itzultzaile eta libreta medio jardun beharra zegoelako. Hari buruzko iritzia galdetu zion Rossinik, maisuari galdetu ohi zaion debozio eta beldurrez:

-Ez zenuke musika seriorik egin behar, Rossini. Horrek zure talentua konprometituko luke.

Opera arinetan soilik omen onak italiarrak, haien izaera hegoaldekoagatik. Bistan da ez zuela Caravaggio buruan Beethovenek italiarrei buruz hala aritzeko.

Eta zer pentsatuko ote zukeen Bonnen jaio eta Vienan hildako sinfonien aita entzutetsuak euskaldunoi buruz? Bazuen gure berri? Eta? Nolakoak gara? Ez dakit argi ote dugun. Haatik, Ana Urkizak Garen hori liburuan erantzun nahi dio galdera horri. Momentuz, Irati Jimenez idazlearen, Carmelo Ortiz de Elguea margolariaren eta Jon Maya dantzariaren elkarrizketak irakurri ditut. Bada zer hausnartu: hirurek kolaborazioa azpimarratzen dute arrakastarako gako gisa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak