Madrilgo KUPOaren negoziaketa prozesutik 379.000€ eskuratu ditu Oñatiko herriak

Jeltzaleon ustetan diru hori oñatiarren mesede eta onurarako jaso beharko litzateke, adibidez, udal zerga eta tasak jaitsi edo hobariak areagotzeko. Ildo horretan EH Bilduren gobernuak diru hori kaleratutako kale-garbiketako langileentzat epaitegiak ezarritako 240.000€ko kalte-ordaina ordaintzeko erabiltzea salatzen dugu.

Oñatiko herriak 379.000€ eskuratu berri ditu Madrilgo KUPOaren negoziaketa prozesua dela-eta oñatiarron alde.  EH Bilduk, EAJ-PNVren negoziaketa  gogor kritikatu badu ere,  behin dirua eskuratuta, ordea, ez du inolako zalantzarik izan diru hori erabiltzeko. Izan ere, jasotako kopurutik 240.000€ erabili ditu udal gobernuak Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiak ezarritako kalte-ordaina ordaintzeko. Kalte-ordain hori EH Bilduk hartutako erabakiaren ondorio zuzena da; hain zuzen, 2016.urtean udal gobernuak erabaki baitzuen ordu arteko kale-garbiketa kontratua etetea. Erabaki horren ondorioz, 4 lagun langabezian gelditu ziren eta horiek ezarritako errekurtsoari erantzuna izan da 240.000€tako kalte- ordainaren ordainketa.

Oñatiko EAJ-PNVren udal taldea  langileei eragin dizkien kalteen konponbidearekin ados agertu da, ez ordea, EH Bilduren udal gobernuak hartutako erabakiarekin . Ildo horretan, gobernuak oñatiarrontzat jasotako dirua euren kudeaketa txarra ezkutatzeko erabili  duela salatu genuen azken osoko bilkuran. Gainera, dirua erabiltzeko erabakia Alkate Dekretu bitartez eraman da aurrera, EAJ-PNVri beste proposamenik aurkezteko aukera ere eman gabe.

Guzti hori kontuan izanik, EH Bilduren gobernuaren kudeaketa txarra kritikatzen dugu beste behin. 379.000€ak oñatiarron mesedetan erabili behar dira eta ez, inondik inora, udal gobernuaren kudeaketa txarra ezkutatzeko. EAJ-PNVren iritziz diru hori udal zerga eta tasak jaisteko erabiliko beharko litzateke, horrela Oñatiko familia bakoitzak gutxi gora behera 85€ko hobaria jaso ahal izango bailuke. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak