Belarrondokoa ala ipurdikoa?

Bi aukera ematen dizkizute, biak txarrak, baina bat aukeratzera behartuta zaude.

Horixe da, hain zuzen, autobusen gaiarekin guri gertatu zitzaiguna.

Aldundiak bilera batera deitu gintuen, eta, gutxi gorabehera, hauxe esan ziguten: zerbitzua optimizatzeko, egokitzapenak egin behar ditugu autobusen ibilbideetan eta ordutegietan.

Bi aukera mahai gainean: ordu-erdian behingo zirkularra ordubeteko bihurtzea, batetik; bestetik, zirkularra etetea eta maiztasuna mantentzea.

Giro horretan, erabiltzaileengan pentsatzen duzu eta jokoan sartzen zara, maiztasuna mantentzea nahiago duzula esanez, autobusak sarriago ibiltzea hobea delakoan.

Eta ez zara konturatzen egokitzapena murrizketa bihurtu dela.

Giro horretan, herritarrak gogoan, eskaera ere egiten duzu: Bergarara doazen autobusen lehen geldialdia Ibargarai izan dadila.

Eta bileratik gustura ere irteten zara: "Transbordoak egin beharko dira, baina maiztasuna mantendu da eta ZumarragaBergara-Zumarraga linea motza denez, ez da atzerapenik egongo. Eta, gainera, antzuolarrok Bergarako lehen geldialdian jaisteko aukera izango dugu".

Gerora datoz herritarren kexak udaletxera, eta orduan jabetzen zara zelako garrantzia duen jendearentzat Eskualdeko Ospitalera autobusetik jaitsi barik joan ahal izateak, edo unibertsitatera edo Aretxabaletako egoitzara; orduan konturatzen zara adinekoentzat zelako zaila den autobusera igo eta jaisten ibiltzea, zelako gogorra egiten den hurrengo autobusari itxoiten egotea…

Dagokizuna eginez, bideratzen diozu erreklamazioa dagokionari, eta denbora badoa.

Murrizketa egokitzapenez jantzi, amua irentsi, eta dagoeneko ondotxo dakizu belarrondokoaren eta ipurdikoaren artean aukeratzera behartu zintuztela.

Konpontzen den bitartean aukerarik ez dago: belarrondokoak eta ipurdikoak, denak Udalari opari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak