Telefono dei bat

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Vitoria 2017ko mai. 5a, 08:13

"Deituko didala esan dit. Baina, oraindik ez dut deirik jaso. –17etan deituko dizut, maitia–. Baina, deirik ez...

Seguruena zerbait garrantzitsua suertatu zaiola. Pazientzia izan, emakumea, deituko dizu eta. Baina ez badit deitzen? Horrek esan nahi du ez nauela maite? Eta, zerbait gaizki egin badut? Bada, ez badit deitzen, ez diot deituko. Bueno, agian, arrazoi potolo batengatik ez dit deitu. Jo, baina, zergatik ez dit deitzen? Zer egin dut gaizki?".

2017ko emakume gazte batek idatzitako testua izan zitekeen. 

Nik neuk idatzitako testua, agian. 

Bada, ez. 

Dorothy Parker idazlearen A telephone call ipuinaren egokitzapena da. 1928an idatzitakoa. 

Ameriketako Estatu Batuetako lege lehorraren garaiko emakumearen egoera salatu nahi izan zuen testu honen bitartez. 

Emakume gehienek etxeko-andre finak, ama onak eta ederrak izan nahi zuten. 

Senarra zoriontsu  mantentzea zen beraien helburu bakarra. 

Eta ezkontzen ez ziren neskak ezkonduta zeuden gizonen amorante izateaz konformatzen ziren. Telefono   horren zain zeuden amoranteak. Eta, noski, Dorothy   Parkerrek gogor kritikatu zuen emakumeek bizi zuten egoera. Bai emazte perfektuak zirenak, baita amorante perfektuak zirenak ere. Azken finean, egoera bertsuan zeuden denak: gizonen menpe.

 Parkerren hitzak irakurrita, garai hartatik hona ezer gutxi aldatu dela esango nuke. Nik ere inoiz horrela pentsatu eta sentitu izan dudalako. Telefono horren zain egon naizelako. Eta, ziurrenik, zu ere bai. 

Baina, aizu. Emakumeen aldeko borroka inoiz baino indartsuagoa omen. Manifestazioak ugariak dira. Lasterketak, zer esanik ez! 

Gure independentziaren alde borrokatzen ari garen emakume askeak gara. Manifestazioen ondoren eta lilatoiak korritu ostean, telefonoak noiz joko duen zain dauden emakume askeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak