Espainolak badu ia desagertzear dagoen hitz eder bat: simpatizante.

Ez du zertan sinpatiko zaion horren jarraitzaile izan. Izendatzen duena esan nahi du: nolabaiteko sinpatia ideia/talde bati. Garai batean barra-barra zerabilten komunikabideek. Simpatizante de la izquierda abertzale deitzen zizuten, ezker abertzalearen hainbat ideiarekin bat etorri ez baina presoen euskal herriratzea eskatzea bururatzen bazitzaizun. Hitzak erdibideko esparru batean kokatzen zintuen, beltzaren eta zuriaren artean dagoen eremu zabal eta beharrezkoan, ñabardurarik gabe pentsamendua dogma hutsa da eta. Ez zinen ezker abertzalearen jarraitzaile, baina bat zentozen haien zenbait eskarirekin. 

Gaur ez, ordea: beltzaren eta zuriaren arteko eremu hori birrindu egin dute. Sinpatizante izatetik partaide izatera pasa gera beltzaren eta zuriaren artean kokatuak geundenak. Xake-mate.

Eskuineko think-tank-ak maisuak dira kontzeptuak nahi bezala bihurritu eta berrizendatzen; efektiboak dira, elite txiki baten onurarako egindako politikak gainontzekoentzat ere mesedegarriak direla sinestarazten baitigute.

Podemos-i etorri zaio txanda. Espainiako ezker berritzaileak dakarkien arriskua sumatu bezain laster makineria martxan jarri, eta atera dute txisteratik untxia: ETAren jarraitzaileak dira. Podemos ETA da, beraien interesei enbarazu egiten dien ideia/talde oro bezala. Harrapatu katua! Zer eta euskal presoen euskal herriratzearen aldeko aldarriaz bat egitearren!

Martxa honetan, XXI. mendean errege ahalguztidun bat por decreto izendatzea gauza erabat logiko, natural eta modernoa dela sinetsaraziko digute… Oh wait…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak