Zipitzik ez dakit ekonomiaz.

Baina iruditzen zait ez dela aditua izan behar Kapitalismoak goia jo duela ikusteko. Inpresioa daukat gaur egungo krisi ekonomikoa krisi koiuntural bat baino gehiago dela. Gelditzeko etorri dela, hain zuzen, eta ez garela, inoiz, lehengo egoerara bueltatuko.

Sistema kapitalista kotxe bat balitz, zera esango genuke: motorra hautsi zaiola kotxeari. Mekanikariek, berriz, agintariek, zera dioskute: erroberak hustuta baino ez dituela kotxeak; horrenbestez, berriro puztu (gu guztiok ahoaz putz eginaz, gainera) eta kitto, berriz errepidera abiatzeko moduan egongo garela. 

Kapitalismoaren funtsa hazkundean dago, eta bistan da hazkundea ezin dela konstantea izan. Ezin dira salmentak (kotxe-etxe-hozkailu-arropa) urtetik urtera %15 hazi. Horrek ez du ez buru eta hankarik. Astakeria hutsa da, eta, ikusi den moduan, bideraezina. Eta nago agintariek badakitela hori, baina pedagogia egin beharrean nahiago dutela krisian sakondu eta olatu bortitz hori aprobetxatu legedia ia feudal bat ezartzeko. 

Ez dira (zaborren kontu lotsagabean bezala) eztabaida serio bat sustatzeko gai. Zera esan nahi dut: une hau eztabaidarako sasoia dela, beste sistema ekonomiko batzuk aztertzeko garaia, hain zuzen. Gaiaz dakitenek egin dezatela beraien proposamenak. Traumatikoa izango da, seguru, gu guztion bizimodua eraldatzea ekarriko baitu seguruenik, baina egin beharreko zerbait da edonola ere. 

Agintariek hartu duten bidea, betiko lez, arduragabea da: gizarte izutu baten paralisia aprobetxatzen ari dira horrenbeste urtetan eraikitako gizarte eredua ostikoka iraultzeko. 6 milioi langabe dituen estatu bat deskalabratutako estatu bat da, ez da onargarria. Ez dakit nik, akaso lan gutxiago egin beharko da guztiok lan egin ahal izateko, edo liberalismoa zorrotz arautu eta estatua berrindartu, auskalo! Baina pentsatu, eztabaidatu eta ekiteko garaia da. Agintariek egin nahi dutenaren kontrakoa egiteko sasoia, hain zuzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak