Zahartzen ari naiz. Aurtengo udan egin dut deskubrimendu mingarri hori.

Normalak diren zantzuez gain –nagikeria mortala, aurpegiko zimurduren bikoizketa, ilearen zuritze etengabea edo ajeen iraupen luzea–, edadean aurrera noala argi eta garbi erakusten duen arrasto beldurgarri batekin egin dut topo abuztuan: egunero-egunero irakurri dut Marca egunkaria.

Eta ez pentsa hegoaldeko hondartzetako txiringitoetan eman dudanik uda; keba, herrian bertan izan naiz, betiko lekuan eta betiko tabernetan

Ez hori bakarrik, aizue, normalean irakurtzen ditudan egunkariei muzin egin –aspergarriak suertatzen zitzaizkidan–, eta Marca-ren peskizan eman ditut goizak zoroa bezala.

Beraz, Mourinhoren eta Guardiolaren arteko tirabiratan aditua nauzue eta Real Madrili dagozkion kontuetan, erabateko jakintsua.

Hori desgrazia gutxi ez eta, gainera, futbola ikusten hasi naiz azkenaldi honetan: Barça-Madril edo Europako kopakoak, ez naiz oraindik Vila-realen eta Malagaren arteko partida bat ikusteko gai. Gustura ikusi ere.

Nork eta nik, duela denbora gutxi arte futbolari gorrotoa zionak eta Marca egunkariari, berriz, sekulako amorrua. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.

Marca-ren irakurle sutsua naizenetik gauza pare batez jabetu naiz: bata, zein gogorra izan behar duen Real Madril edo Bartzelona ez den talderen bateko jarraitzailea izateak, inork ez baitie gainerakoei kasurik egiten. Ez dira existitzen ez telebistako albistegietan, ezta kirol prentsako orrialdeetan; bigarrena: ze gustua ematen duen Messi zelaian ikusteak. Inpresioa daukat ez dugula sekula santan beste holako jokalaririk ikusteko aukerarik izango; ez, behintzat, ni bezala edadean hain aurrera goazenok...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak