Hasteko eta behin, zorionak, Debagoieneko biztanle guztioi eta bereziki Goienan lanean diharduzuenoi.

Bide batez, eta ni neu ere komunikazio talde honen partaide izan naizen aldetik… Iepale! Bejondeigula guztioi, beraz.

Irudipena daukat gure Euskal Herri honetan ez garela ospakizunetara oso emanak, zorion-liturgiak lotsaz bizi ditugula, lorpenei saria ukatzen diegula behin eta berriz, horretarako merezimendu aski irabazia ez bageneuka bezala...

Hara, ba niri dagokidanez, hor konpon mari anton eta gora gu eta gutarrak! 10 urte, erraz esaten da gero, aizue!
Ez dituzte garai onenak bizi ez prentsa idatziak eta ezta TDTren ozeanoan bilin-balauka ari diren toki-telebista euskaldun urriek.

Eta hala eta guztiz ere, ez soilik 10 urteotan iraute hutsa −miraria bere horretan, bai horixe−, baizik eta duintasun eta indarraz eutsi izana ez da bakarrik zoriontzekoa, baita dozena erdi botila cava husteko nahikoa arrazoi ere.

Esku artean daukazuenagatik inbidia sano pittin bategaz esandako urte askotarako! bero bat jaso ezazue hemendik, Durangotik, beraz.

Anbotopeko eskualde honetan ere, dena den, badaukagu azken egunotan zer ospatua. Durangoko Kafe Antzokiak 6 urte bete ditu duela egun gutxi batzuk. Maiz gertatzen da −hain gara txepel eta ganorabakoak− ez ditugula behar bezala baloratzen zenbait gauza harik eta desagertzen zaizkigun arte.

Leloaren sindromea da hori: dagoenean tu! eta ez dagoenean mu!

Gauden bitartean ez diezaiogula gaudela eta garela ospatzeari utzi, arren. Zuek 10 urteongatik egin duzuena egin beharko dugu Plateruok ere 6 urteongatik: balentria handia egin dutenen harrotasunaz xanpainari gupida gabe eman…

Zer ote dakar ospakizun bikoitzak? Biharamun doblea?

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak