Euskal oasia, zabortegi

EAJk ez die erantzun greba orokor arrakastatsuan egindako aldarrikapenei eta GOIENA (ere) erabili dute grebaren arrakasta ezkutatu eta zaborra zabaltzeko. Ke laino zikin bat zabaldu nahi zuten, pentsioez, lan baldintzez, komertzio txikiaz, zerbitzu publikoen kalitateaz, zaintzaz edo ingurumenaz ez hitz egiteko.

Hara non azken egunotan beraien euskal oasia zabortegi handi bilakatu zaien, hara non kapitalismoaren tripak begi bistan gelditu diren. Zaldibarren gertatutakoa oso larria da, hamarkadetan Urkulluren euskal oasiaren alfonbra azpian ezkutatuko zabor guztia bat-batean begi bistan gelditu da; zoritxarrez, tragedia horretan bi langile gehiagok bizia galdu dute –aurten, Euskal Herrian 18 dira dagoeneko, 18!– eta dozenaka mila herritarren osasuna arriskuan dago.

Zer ezkutatu dute alfonbra azpian? Ezkutatu dituzte pobrezia larrian dauden 400.000 euskal herritar –%25 umeak, jateko ere larri dabiltzanak; Save The Children-en datuak–; zabortegian ezkutatu dituzte dozenaka mila pentsiodun, pobrezia egoera larrian daudenak –neguan etxea berotu, medikamentuak ordaindu eta jateko arazoak dituztenak–, gehienak emakumeak eta asko alargunak –emakume pentsiodunen %33k 500 eurotik behera irabazten du–; zabortegian ezkutatu dituzte 150.000 pertsona langabe, asko egoeran betikotzen ari direnak; zabortegian ezkutatu dituzte lan egin eta pobrezian jarraitzen dutenak –gero eta gehiago–, etxeko langileak, langile uberizatuak, eta abar; zabortegian ezkutatu dituzte gazte gehienen lan prekarioak eta etxebizitza lortzeko eskubidea eskoria artean gelditu da; zabortegira botatzen ari dira kalitatezko zerbitzu publikoak osasuna, hezkuntza, zaintza, etxebizitza; Zaldibarkoa bezalako zabortegi toxikoek erakusten dute disfraz berdearen atzean gure herria amianto eta lindanozko zabortegi bilakatu dutela.

EAJko buruzagi jaun-andreak, Urkullu jauna, ez zaitezte ke lainoen atzean ezkutatu. Ez ezazue EITB, guztion komunikabidea, patronalaren eta gobernuaren pikete informatibo gisa gehiago erabili. Eman aurpegia, eman erantzuna greba orokorreko aldarrikapenei. Guk kalean jarraituko dugu lan, pentsio eta bizitza duinen alde.

----------

Ana Sebal Agirregabiria

LAB sindikatua

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak