Ikastolek abiarazi duten Hezkuntza Marko Orokor berriaren egileen artean bi debagoiendar

Erabiltzailearen aurpegia Arizmendi Ikastola 2024ko ots. 9a, 12:51
Amaia Artolazabal, Esther Garaialde, Zigor Ibarzabal eta Amaia Antero.

Pertsonan zentratutako hezkuntzara salto egitera doaz ikastolak, Hezkuntza Marko Orokor berriarekin. Azken hiru ikasturteotan landutako proposamena da. 2023-24 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldian abiarazi zuten eta ekainean ospatuko den Ikastolen VII. Batzarrean adostuko dituzte marko hori garatu ahal izateko egin beharreko urratsak.

Liburu batean jaso dute Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor berria. Bazatoz? izenburua eman diote, eta Amaia Anterok, Amaia Artolazabalek, Esther Garaialdek eta Zigor Ibarzabalek idatzi dute. Lau egileotatik bi, Amaia Antero eta Zigor Ibartzabal debagoiendarrak dira, Aretxabaletakoa lehena eta oñatiarra bigarrena. Amaia Anterok Arizmendi Ikastolan eta Ikastolen Elkartean dihardu lanean. Zigor Ibartzabal berriz, Ikastolen Elkartzeko hezkuntza-arduraduna da.

Bazatoz? liburua, Marko Orokorrari buruzko azalpen hau, ikastolekin era bateko edo besteko lotura dutenei, eta, oro har, ikastolen planteamendua ezagutzeko interesa dutenei zuzendua dago.

Era berean, ikastolen hezkuntza-planteamendua ezagutzeko interesa izan dezakeen oro ere kontuan izan dugu Marko Orokor hau idazterakoan. Uste baitugu ikastolen markoa ezagutzera emateak eta besteekin partekatzeak aberastu egiten gaituela eta elkarlanerako zubiak eraikitzeko oinarriak finkatzen dituela.

Marko honek ikastolentzako zoru pedagogiko komun bat eskaintzen du, gerora, ikastola bakoitzak bere errealitatetik abiatuta eta bere errealitatera egokituta garatu beharko duena. Bertan diogu ikastolon xede nagusia pertsona-eredu jakin bat garatzen laguntzea dela: barne sendotasuna duen pertsona euskaldun, kooperatibo, erabaki-ekintzaile eta eraldatzailea. Eta pertsona edo herritar-eredu horren zerbitzura jartzen ditugu hezkuntzari lotutako elementu nagusiak: hezkuntza-ildoak, printzipio psikopedagogikoak, hautu metodologikoak eta curriculuma.

Planteamendu honek irauli egiten du indarrean dagoen hezkuntzaren gaineko ikuspegia eta praktika. Izan ere, defendatzen dugu edukiak zein konpetentziak ez direla helburu bat bere baitan, baizik eta pertsona edo herritar-eredu hori garatzeko bidean beharko ditugun bitartekoak. Ikuspegi-aldaketa honek irakasleen arretagune nagusi izan diren edukiak eta konpetentziak bigarren planora ekartzea eskatzen du, eta prestakuntza eta hausnarketarako guneak eta uneak eskatzen ditu.

Eta zergatik orain? Ikastolen mugimenduak horretarako momentu aproposa bizi duela uste dugulako. Izan ere, berrikuntza pedagogikoan murgilduta gauden honetan, gure eguneroko praxiaren gaineko galdera asko egiten dizkiogu geure buruari. Esaterako, nolako gizartea irudikatzen dugu hamar edo hamabost urte barru? zer ezaugarri nahi dugu gure ikasleek garatzea?, zer eragin izan nahi dugu gure hezkuntza-proiektuaren bitartez haien izaera eta izatean?, ikastolan zer-nolako esperientziak bizi ditzaten nahi dugu?, horretarako zer-nolako espazioak behar ditugu?, nola antolatu denbora helburu horiek lortzeko? Galdera horiei erantzuteko saiakeratik sortu dira markoa eta liburua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak