Iritsi dira Gabonak Basabeazpira!

Azken urteetako ohiturari jarraituz, herriko txisturariekin batera gabon kanten entsegua egin genuen larunbat goizean. Basabeazpiko beheko soilairua bete genuen, ahotsak berotu eta Gabon egunerako gertu! Abenduaren 24an kalez kale aterako gara goizeko 10:30ean beste herritarrekin batera.

Olentzero joan zaigu, Hator, hator.... eta Aretxabaleta bertako txistulari Demetrio Iriartek konposatutako Gabon eguna heldu da eta Gabon gauen abestiak abestu genituen gabon giroan murgiltzen joateko.

Opor bezperan Almeneko 6.mailako ikasleen bisita atsegina izan genuen. Ederto abestu zituzten Gabon abestiak, baita Basabeazpin txikiak zirenen ikasi zituzten abestiak ere. Poliki-poliki animatuz joan ziren eta bukaerarako dantzaldi ederra egin genuen, elkargune ederra familiarteko, bizilagun eta lagunekin elkartzeko.

Ezusteko ederra hartu zuten Basabeazpiko haurrek e-mail bidez irakasleei Mari Domingiren mezua iritsi zitzaienean. Aurten agian ezin izango dira Basabeazpira etorri. Kolonbiako Karibe aldera bidaia txiki bat egin dute eta oso gustura daude bertan, aurten agian ez dira garaiz iritsiko.... Eta besarkadak? eskutitzak? opariak? muxuak? nori emango dizkiogu?  Ai ene!!

Ikasturtean zehar material ezberdina pilatzen joan gara familiei esker, bobinak, paletak....  Eta horrekin guztiarekin auzolana antolatu dugu abenduaren 26 eta 27rako. Batutako materialarekin, ikastolarako mundu txikiak eta aulkiak eraiki nahi ditugu. 20 familiek eman dute izena; orain eskuak martxan jarri eta ekin! Eskerrak denei aldez aurretik.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak