goiena.eus

Ederra izan zen, ederra izango da

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Uztailaren 21ean ospatu genuen Irati Tabernaren eta Arrano Elkartearen azken jaia. Arratsalde-gau –eta, zergatik ez, goizalde– ederra izan zen.

Ederra, hilabetean zehar ekintzak antolatzen ibili den lantaldeak mimo eta lan handiz antolatu zuelako jaia. Ederra, sukalde eta zerbitzatze lanetan ibili zirenek, txef-en lehien garai honetan, ekipoan eta maitasun handiz egindako etxeko janaria bezalakorik ez dagoela gogorarazi zigutelako. Ederra, 200 laguneko afarian, giro ezin hobean, konpainia, tertulia, kantu eta kontu ezberdinez gozatu ahal izan genuelako. Eta ederra, gure herriarentzat etorkizun hobe bat marraztu eta eraikitzen jarraitzeko, energia, ilusio eta motibazioz pilak kargatu genituelako. 

Arrasate eta, oro har, Euskal Herria eraldatzen jarraitzeko proiektu berri bat daukagu esku artean. Ezkertiar eta abertzaleen erreferentziazko gune izateko jaio zen Irati biziberritzera goaz, indartzera: formaz eta edukiz. 

Urte hauetan momentu gazi nahiz gozoak bizi izan ditugu Ferrerias kaleko inguru hauetan. Gure memoria eta bihotzetan, askotariko pasarte, argazki eta sentimenduak daude iltzaturik. Ez goaz horiek guztiak ahaztera, ez goaz hori guztiori alde batera uztera.

Orain arte, tabernatik elkartera, mobilizazioetatik herri batzarretara, auzolanetatik bazkarietara, karteladatik sobrelanera, kudeaketatik festara eta bileretatik pankartetara egin den lan eskergari esker, fruitu berriak jasoko ditugu. 

Ezin eskertu gabe utzi gune honen bueltan, atzo, gaur eta bihar, sukaldari, abokatu, tabernari, militante, bezero, bileradun, senide, diruzain, parte hartzaile, preso, hizlari, hautetsi, aktibista, kulturgile, elkartekide, iheslari, tabernazale eta, oro har, modu batera edo bestera ezinbesteko izan zareten eta izango zareten emakume eta gizon guztiak. 

Etapa itxierak ospatzeko aukera eskaini digu, eta etapa berria ospatzeko ere, ezinbestean, lanik ez zaigu faltako. Nola ez, epe motzera dauzkagun erronketarako laguntza eske ere bagatoz. Eraberritzeko lanak abiatu ahal izateko auzolana egingo dugu. Bi hitzordu jarri ditugu: atzo eta gaur, egubakoitza, 17:00etan. Parte hartzeko aukera izanez gero, eman izena Irati Tabernan, bidali e-mail bat edo jakinarazi Sortuko kideren bati.

Orain artekoa bezala, pasa den ostiralekoa bezala, etorriko dena ere ederra izango da.

Jarrai dezagun elkarrekin amesten: asko daukagu amesteko, eta asko irabazteko!

----------

Aizpea Otxandiano

Arrasateko Sorturen izenean

Arrasate

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa