Agur Jolly Roger!

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Otaduy 2023ko aza. 10a, 23:22

Hilabete baino gehiago daramagu Gazako suntsiketa ikusten. Eta, zoritxarrez gogortzen ari gara bertako jendearen zerraldoen irudien aurrean. Eta badakigu, gainera, pertsona haien "errore" bakarra izan zela  Agindutako Lurralde "ditxosoan" jaiotzea.

Mendebaldeko mundua zatituta dago. Alde batetik, Hamasek israeldarren aurka egindako atentatua eta estatu sionistak herri palestinarrean egiten ari den sarraskia aldi berean gaitzesten dutenak daude. Bestale ditugu Hamas bakarrik kondenatzen dutenak eta aitortzen diotenak Israeli (neurrigabeko) Bidezko Defentsarako eskubidea.

Izugarrikeria horren guztiaren ondorioz, kulturaren eta kirolaren mundua ere eraginak izan dira. Frankfurteko Liburu Azokan palestinarrekiko enpatia adierazten zutenak isilarazten saiatu ziren. Euskal futbol zelairen batean ere zale bat kanporatu zuten bandera bat eramateagatik. Bertan, bere betiko koloreez gain; gorria, zuria eta berdea, beltza gehitu zuen, hildako palestinarren aldeko dolua adierazteko.

Eta futbolaren mundu horretan, Hanburgoko FC St Paulik harritzen nau oraindik. Duela gutxi arte Alemaniako klubean balio hauek nabarmentzen ziren:

  • Justizia sozialarekiko eta tolerantziarekiko konpromisoa.
  • Kultura eta jatorri anitzeko zaletasuna sustatzea.
  • Nortasun antifaxista.

Eta horren aurrean, klubak Tel Aviveko Hapoeleko bere lagun ultrei elkartasuna adieraztea erabaki du, alde batera utziz gizaki ororen funtsezko eskubidea, baita Palestinan jaiotakoena ere: bizitzarako eskubidea.

Beraz niri, St Pauliren nazioarteko jarraitzaile askori bezala, lotsatu egin nau bere kamiseta janzteak eta bere ustezko balioak euskal gizartearen artean sustatzeak. Jolly Roger garezurra soinean neraman kamisetatik lurrera erori da eta betiko batu zaie Gazako hilerrietan aurkitzen ditugun ehunka mila zibilen garezurrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak