Errotak erroetatik ezagutzen

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Otaduy 2022ko mai. 9a, 21:30
Gipuzkoak bere erroten lehen eguna ospatu berri du azpiegitura hauek ezagutzera emateko hainbat jarduerarekin. Hitzaldi interesgarri bat izan da Bergaran, Angiozar elizateko erroten zehar ibilbide bat egin da eta Antzuola, Bergara, Eskoriatza eta Oñatiko errotak bisitatu dira.

Nire buruari galdetzen diot zergatik aukeratu den asteburu hau erroten eguna ospatzeko. Holandan inspiratu dira? Europako herrialde horrek bere erroten eguna ospatzen du, haize zein ur-errotena, maiatzeko bigarren larunbatean. Hemen hilabete bereko bigarren igandean ospatu dugu.

Errotak oso garrantzitsuak izan dira gure historia ekonomikoan. Antxon Aguirre Sorondo etnografoak erroten mundua sakonki aztertu zuen Gipuzkoan. Berak idatzitako erroten tratatua funtsezkoa da gure lurraldeko azpiegitura horiek ezagutzeko. Aguirre Sorondo ETNIKEReko kide aktiboenetako bat izan zen. Talde hori Jose Migel Barandiaranek Nafarroako Unibertsitatean emandako Euskara eta Euskal Kultura katedraren argitan sortu zen. Eta taldeak kudeatutako Euskal Herriko Atlas Etnografikoak asko zor dio Aguirre Sorondori eta, ez berari bakarrik. Aipamen berezia merezi du Jose Letonak, ETNIKERentzat Arrasateri buruz egin zuen lan guztiagatik. Zenbat aldiz irakurri ditut nik Letonaren argitalpenak? Ezin ditut zenbatu. Ehunka aldiz irakurri dudan lanetako bat da: "Apuntes para una historia de las ferrerías y molinos que han existido en el término municipal de Mondragón".

Baina errotekin eta, ondorioz, burdinolekin lotura zuzenena duen mondragoetarra, Pedro Bernardo Villarreal de Berriz da. Injineru hori euskal aurreindustrializazioaren adierazgarri onenetarikoa da. Bere lana, "Máquinas hydráulicas de mollinos y herrerías y govierno de los Árboles y Montes de Vizcaya. Dedicado los Amigos Cavalleros, y Propietarios del Infanzonado del muy Noble, y muy Leal Señorío de Vizcaya, y muy Noble, y muy Leal Provincia de Guipúzcoa" ingeniaritza hidraulikoan aurrerapenak erakusten ditu, Euskal Herriko ibai eta errekastoen emaria burdinoletako energia iturri berriztagarri gisa erabiltzeko. Debagoieneko eta Gipuzkoako gazteentzat pertsonaia inspiratzailea izan daiteke? Baietz uste dut nik, bertako protoindustriak hobetzeko trebatu eta ikasi zuen pertsonaia izan zelako.

Hurrengo urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiak erroten egunaren bigarren edizioa antolatzea espero dut eta, proposatu nahi diot dagokionari, data berri bat aukeratzea, Pedro Bernardo Villarreal de Berriz mondragoetarraren bataiatze egunetik (ez dakigu noiz jaio zen) hurbilen dagoen asteburua. Villarreal de Berriz maiatzaren 26an bataiatu zuten Uribarriko parrokian. Beraz, gure erreka eta errekastoen ertzetan dagoen ondare aberats hau bisitatzeko eguna, maiatzeko egun bat izaten jarraituko luke, aurten bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak