"Ibai Redondori erantzuna"

Azaroaren 23an, Ibai Redondok nik GOIENAn Justizia Sozialari...

... buruz idatzitako kolaborazioari erantzun zion. Hasteko esan behar dizut, Ibai, zuk ondo azpimarratzen duzun bezala, Bergarako EAJko zinegotzia eta Batzar Nagusietako batzarkidea naizela. Ez dut sekula ezkutatu. Nire jarduera politikoa, ez profesionala, ez bainaiz politikagintzatik bizi, publikoa da erabat. Justizia sozialaz zerbait badakigu eta zuk ordezkatzen duzun ezker abertzaleak baino gehiago ere egin dugu bide horretan. Euskadin, 30 urtetan zehar EAJk lideratu duen Eusko Jaurlaritzak Gizarte Zerbitzuetarako legeak, Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza eta Gizarteratze Legeak sortu ditu. Honekin, gizarte azpiegiturarik handiena sortu dugu, menpekotasun egoeran, pobrezian edo gizarte baztertze egoeran dauden pertsonei babesa emateko gizarte azpiegitura. Gaur egun Diputazioan dugun gizarte babesa ere guk sortutakoa da, bere akats eta guzti. Zure erantzunean aipatzen dituzu EAJko karguak izan dituzten lau pertsonaren izen-abizenak eta orain enpresa pribatuan ze kargu dituzten. Ohitura txarra da jendearen izenak guztion ahotan jartzea eta hauei defendatzeko aukerarik ez ematea. Diana batean izenak jartzea ezker abertzalearen ohitura izan da gogoratu ere nahi ez ditudan garaietan. Badirudi zuk ere iturri horretatik edan duzula. Baina esan nahi dizut EAJko jendea ez garela guztiak kargudunak, ez aberatsak. Gehienak langileak gara. Ez gara estralurtarrak. Zure bizilagunak gara, gure seme-alabak beste guztiekin batera joaten dira ikastolara. Gure senitarteko asko, beste etxeetan bezalaxe, langabezian daude. Gaixotasunak eta arazoak ere beste edozeinek bezala pairatzen ditugu. Etxearen hipoteka ezin ordaindu dabiltzanak ere asko dira gure artean. Ez gara inongo gizartetako elitea. Bestalde, ezker abertzalean ez dira guztiak langile soilak. Badaude enpresari eta kargudunak ere. Badaude aberatsak direnak ere. Ezker eta eskuin, neoliberal eta gainontzeko etiketak jartzea gaur egun sobra samar dago. Gizarte hau osatzen dugunon artean ez dago soziologia diferentzia nabarmenik. Egotekotan bat azpimarratuko nuke EAJko kide baten eta ezker abertzaleko kide baten artean. Guk beti defendatu izan ditugu giza eskubide guztiak eta beti gaitzetsi ditugu giza eskubideen urraketa guztiak. Guztiak eta beti.

--------------------

Aintzane Oiarbide

(GOIENAko kolaboratzailea)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak