"Ander Lizarralderi erantzuna"

Azkenaldian idazten dudan iritzi artikulu guztiei erantzuten zabiltza, Ander.

Ez dut ikusten beste inori inork horrela erantzuten dionik aldizkari honetan. Esango nuke joera obsesibo bat duzula nire iritziekiko eta badirudi nire pertsonarekiko ere. Atez ateko hondakin bilketa sistemaren inguruan Bergaran sortu den jendearen protesta eta ezadostasuna islatzen saiatu naiz azken kolaborazioan. Egia da jendearen gehiengoa nabarmenki honen aurka dagoela, eta Udalak hartutako erabakiari aurre egiteko Herri Plataforma bat sortu zen sinadurak biltzeko. Sinadura hauek herriari hitza emateko eskatzen diote Bergarako Udalari, eta atez ateko sistemaren aurka eta bosgarren edukiontziaren alde egiten dute. Errealitate bat da hau.

Zure erantzunean leporatzen dizkiozu nire alderdiari interes partikularrak defendatzea: Lemoizko kasuan  Iberdrolarenak, AHTren kasuan Amenabar, Moyua, Altuna eta Uriarenak, Zubietako errauskailuan FCCrenak. "Herriaren dirua enpresa pribatuentzat", diozu zure erantzunean. Aurrez esan behar dizut nik ez dudala aipatu ere egin Bilduk nori ordaintzen dion dirua, baina pentsatzen dut, Diputazioak obraren bat egiten duenean, kultura euskarriak kontratatzen dituenean, kirol zerbitzuak erosten dituenean edo udalek auditoria bat egin behar dutenean, estudio eta azterketa desberdinak eskatzen dituztenean (ekonomikoak kulturalak, bideazpiegituretakoak...) enpresa desberdinei ordaintzen dietela, gobernuetan EAJ egon, Bildu egon edo PSE egon. Baina batzuk kontratatzen ditugunean enpresen interesak defendatzen ditugu. Atez ateko hondakin bilketa ezartzerakoan noren interesak defendatzen ditu Bilduk? Garbitaniarenak? Aipatu dituzun kasu horietan guztietan nork defendatu zituen herriaren interesak? ETAk Inaxio Uria (zuk aipatutako Altuna y Uria enpresako sortzaileetako bat) hil zuenean? Hori al da AHTren aurka eta herriaren alde egiteko batzuek daukaten legea? 

Zure gutunaren bigarren partean, Oñatin bosgarren edukiontzia ezartzeko EAJk Udalean hartu zuen erabakiari egiten diozu aipamena. Egia da EAJk gehiengoa zuela eta horretaz baliatu zela erabakia hartzeko, noski, hala egiten baita erakunde guztietan. Baina ahaztu egin zaizu gauza oso garrantzitsu bat aipatzea: Oñatiko Udalean erabaki hori hartu zenean ez zela inolako herri mugimendurik sortu erabaki horren aurka. Orain, ordea, bai Oñatin, Arrasaten, Bergaran herri plataformak sortu dira eta herriaren gehienxgoa oso haserre agertu da erabaki honen aurka. Hori da diferentzia. Erakunde batek ezin du gobernatu gauza guztiei buruz galdeketak eginez. Ez udal batek, ez diputazio batek, ezta Jaurlaritzak ere. Demokrazian horretarako daude gehiengoak. Baina zabor bilketa bezalako zerbitzua herritar guztiok hain gertutik ezagutzen duguna eta hainbeste afektatzen gaituena aldatu nahi denean eta horrenbesteko oposizioa dagoenean... udal horrek ezin du ez ikusiarena egin. 

Eta bukaeran egiten didazun kritika autore klasiko, historia eta etimologia aipatzen ditudalako... sentitzen dut nire idazteko era ez gustatzea, baina sobran dagoela esatea "sobrada" bat dela iruditzen zait. Azkenik, Ander, nirekiko duzun obsesioa gainditu dezazun, kafetxo bat hartzera gonbidatzen zaitut Bergarara. Nahi duzunean.

--------------------

Aintzane Oiarbide

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak