Testamentuarekin argi!

Aspaldi denik, zenbait pertsonaren apustu garbia izan da ez ezkontzea.

Izan ere, bikotekideak pertsona nagusiak badira, behintzat, zergatik behar dute beste hirugarren baten bedeinkazioa ezkontzeko? Izan abade, zinegotzi, notario edo… Beraiek bizi behar dute bikotearekin batera ala? Galdera sinple horri erantzunez, Trentoko kontzilioaz geroztik gizarteak aurreratu egin duela dirudi, Eusko Legebiltzarrak izatezko bikoteen maiatzaren 7ko 2/2003 Legea onartu ondoren. Izatezko bikoteen eskubideak eta ezkonduenak berdinak direla esateraino. Egia da aurrerapausoa dela, baina inondik inora ezin dugu esan eskubide berdinak dituztenik.

Askotan, gauzak esateko moduan dago akatsa, eta hortik datoz gero gaizki-ulertuak. Legegizonek beti diote letra txikia irakurri behar dela. Baina zergatik ez guztia jarri letra handian herritar arruntek ongi ulertzeko? Ez da egokiagoa esatea eskubide guztiak ez direla berdinak eta zeintzuk diren azpimarratzea? Transmisioen kasuan, adibidez, larrutik ordaindu baino lehen, eskubideak ez direla berdinak azpimarratu behar da. 

Testamentua egiterakoan ere, izatezko bikote jasotzaileak ezkonduak baino gehiago ordaindu behar du. Horretaz gain, erkidego edo probintzia guztietan legedia ez da berdina eta bakoitzak bere arauak ditu. Aragoin, Katalunian , Balearretan, Nafarroan, Galizian eta Bizkaian eskubide berdinak dituzte, baina Gipuzkoan eta Araban ez.

Garbi dago izatezko bikoteen legearekin bide erdia baino ez dela egin. Zergatik ez orduan proposamen berria egin guztiontzat, ezkonduak edo ezkongabeak izan?

Eskubide berdinak eduki behar baditugu, edozein pertsonak,  berak laga nahi diona izendatu behar luke, testamentu jasotzaile modura. Eta denontzat,  gaur egun pertsona ezkonduen artean dagoen baldintza berak aplikatu edo denontzat baldintza berri berak sortu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak