Kartografiak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Negeruela Izagirre 2015ko uzt. 27a, 00:00

Hegan egiteko abilezia izan eta hegan egingo bagenu, lainoek gure pisuari eusteko gaitasuna balute eta laino garaienean ahuspez etzango bagina, mapen iruzurraz ohartuko ginateke.

Inperioek kartografoak zerabiltzaten bereganatu nahi zituzten lurraldeak mapetan marrazteko, eta, behin paperean konkistatuta, fisikoki konkistatzeko. Kartografia lauso haietan, erdi-erdian inperioa irudikatzen zuten, handi eta boteretsu. Alboetan, desitxuratuta, jatorrizko izenik gabe, kolonizatuko zituztenak.

Kartografo garaikideagoek ere botere harreman eta ideologia jakinak kartografiatu dituzte. Oraingoan gu gara, beste askoren artean, inongo mapetan agertzen ez garenak, eta, ondorioz, zientziaren egiaren arabera, existitzen ez garenak.

Laino garaienetik askoz beheragokoan etzango bagina eta herri eta hiriei erreparatuko bagenie, adreiluzko kartografia iruzurtiak direla ohartuko ginateke.

Autoz dabiltzan gizon, zuri, diru-jabeek marraztu dituztela mapak. Beraiek eta beraientzat. Gure bizitzako eszenatokia diseinatu digute, iritzia galdetu gabe. Beraiek daude maparen erdian, boteretsu eta eredugarri. Alboan, hormigoizko enparantzetan eroso sentitzen ez dena, alboan, koskarik gabeko ibilbiderik aurkitu ezin duena, alboan, gauez farolen argi bila dabilena. Alboan, gu gehienok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak