Garailea erabakita dago

Pogacar eta UAE, iaz, Frantziako Tourra Andoainera iritsi zenean.

Tadej Pogacar da Giroa irabazteko faboritoa, eta ez da esloveniarrari maglia arrosa kenduko dion aurkaririk sumatzen; ibilbidea ikusgarria da, urtero bezala.

Iraganean gutxitan gertatzen zen itzuli handi baten bezperan lehiaketa nork irabaziko zuen jakitea, faborito nagusi edo bakar nor zen aipatzea. Miguel Indurain handiarekin gertatu zen aspaldi. Azken urteetan Jonas Vingegaard eta Tadej Pogacar dabiltza nor baino nor itzuli handiak irabazteko borrokan, batez ere Tourra, baina esloveniarrak Giroa eta Tourra korritzea erabaki du aurten, biak irabazteko asmoz. Tourrean zer gertatuko den ez dakigu, oraindik, batez ere Vingegaard bikingoa garaiz osatuko den ez dakigulako, momentuz. Giroan zer gertatuko den, ordea, jakina da. Zeruak eta lurrak bat egin beharko lukete UAEko oilarrak besoak garaile ez jasotzeko Erroman hiru aste terdi barru.

Garaipen zerrenda ikaragarria pilatu du urteko lehen lau hilekoan: Strade Bianche, Kataluniako Volta, Liege-Bastogne-Liege… eta denak hanka batekin. Hainbestekoa izan da bere nagusitasuna, apustu etxeetan bigarrenari zenbateko tartea aterako dion galdetzen dutela. 22 egunetan gauza asko gerta litezke: katarro bat, beherakoa, erorketa bat… baina gaur-gaurkoz ia ezinezkotzat jotzen da Pogacar-ek Giroa ez irabaztea.

Ibilbidea oso aldeko du, baina ibilbidea bat edo beste izan, Pogacarrek nahieran txikitu izan ditu aurkari guztiak: gorantz, beherantz, ordekan, maldan gora… Ezin esan erlojupekoan espezialista peto-petoa denik, baina herrena ere ez, eta 71 kilometro on ditu lasterketa txikitzeko. Geraint Thomas, INEOS taldeko galestarra da bakarkako lanean haren pare ibil daitekeen bakarretakoa, baina Thomas adinean gora doa, eta 38 urte beteko ditu Giroa bukatu bezperan.

Litekeena da Pogacarrek erlojupekoetan Giroa ez haustea erabat; igoeretan ere ahalegintzea. Eta alor horretan nahi beste terreno edukiko du proba hankaz gora jartzeko. Egia da Pogacar ez dela inoiz Giroan aritu. Alpeak ezagutzen ditu, Tourretik, baino Dolomitak ez. Aurkariekiko halako nagusitasuna erakusten denean, ordea, ezagutza falta hori garrantzitsua ote da? Ziur aski ez. Esloveniarrak sekulako aldearekin irabaz dezake Giroa, baina mingain gaiztoek diote ahalik eta energia gastu txikiena egiteko asmoa duela Giroa poltsikoratzeko bidean, eta Tourrera bete-betean iristeko.

Zazpi txirrindularik lortu dute historia osoan urte berean Giroa eta Tourra irabaztea, eta horietako azkena Marco Pantani handia izan zen, 1998an. Beste seiak izen handiak izan dira: Indurain, Hinault, Roche, Merckx, Anquetil eta Fausto Coppi. Pogacarrek lorpen hori begiz jota omen du, eta mende laurden geroago, bere legenda are gehiago handituko lukeen lorpena da. Erronka horri begira funtsezkoa da Giroa eroso antzean irabaztea.

Eta zer ikusten, sumatzen da Pogacarren besapean? Gauza gutxi, eta apustu ziur gutxi. Errespetua zor zaio Thomas-i, hiru asteko itzulietako gerra beteranoa. Eutsi eta eutsi, ohorezko postu asko lortu izan ditu, eta badaki zer den itzuli handi bat irabaztea. Romain Bardet ere bere kirol ibilbideko azkenetan da, baina ausarta da, eta podiuma egiteko bidean askoren hanka zuztarrak erre ditzake. Cian Uijtdebroeks belgikarra hazi eta hazi ari da etengabe, eta Vingegaard nagusiaren morrontzarik gabe oso goian ibil daiteke. Bide batez, bere abizena ahoskatzeko, honela esaten da, berak publiko eginda: Ejtdebruks.

Kinieletarako, beste hainbat izen apuntatu: Ben O’Connor, Antonio Tiberi, Daniel Felipe Martinez, Arensman, Caruso, Giulio Ciccone edo Juanpe Lopez. Horien artean ez dagoen bakarren bat azalduko da, ziur.   

Ibilbide ederra

Partaideak partaide, Giroak egutegiko probarik erakargarrienetakoa izaten jarraitzen du zaleen begietara. Ibilbidea oso polita da; mendi handi eta malkar ikusgarriak daude, aldapa laburreko bukaera gaiztoak, erlojupekoak… Vueltak ez dauka Italiako Alpeak eta Dolomitak berdintzeko aukera geografikorik, eta Tourrean ere mendateak luzeagoak eta etzanagoak izateko joera izaten dute. Giroak 71 kilometro ditu erlojupekoan, kilometro asko, baino horietan irabaz daitekeena gal daiteke mendiko etapa bakarrean, tabloiren bat harrapatuz gero. Aurten ere antzera gertatuko da.

Eta goiz gerta liteke, Giroa arriskutsu hasiko baita, Piamonteko lurretan, Italia iparrean. Lehen etapak bukaera bihurria du, bigarren mailako mendate batekin, eta kilometro eta erdiko horma %10era helmugatik hiru kilometrora. Bigarren egunean gogortasun gehiago, Oropa Santutegian bukatuko baita etapa. Indartsu, sasoi puntu onean iristen ez denak muturreko handia har dezake lehen asteburuan. Ez ahaztu Piotr Ugrumov-ek Miguel Indurain handiari Oropan eman zion susto galanta!

Lehen aste osoak ostiral eta larunbatean izanen ditu egun garrantzitsuak. Ostiralez Foligno eta Perugia arteko erlojupekoa korrituko da. 40 kilometro luze, eta azken seiak malda gora leunean. Diferentzia handiak egingo dira egun horretan. Biharamunean Apeninoetako Prati di Tivo gainean bukatuko da etapa, Tirreno-Adriatico itzulian igo zuten mendate pikoa. 14 kilometro da luze, eta %7ko batez besteko malda du. Mendate serioa da.

Bigarren astea erabakigarria izango da. Asteartean Cusano Mutri gainean bukatuko da etapa, lehen mailako mendate luzea. Larunbatean Giroko bigarren erlojupekoa iritsiko da, hau ere luzea eta laua (31 kilometro). Eta hirugarren igandean, Giroko etapa gogorrena: Monerbo di Garda-Livigno, 222 kilometro eta 5.700 metroko desnibel metatua guztira. Mortirolo gaina pasako dute helmugatik 70 kilometrora, alde errazetik, eta ondoren Foscagno luzea eta Mottolino, biak 2.000 metrotik gora. Azken gainak %19ko maldak ditu.

Bigarren astelehen atseden eguna ondo baliatu beharko du tropelak, azken astean ez baita zailtasuna murriztuko. Asteartean Stelvio handia, parerik gabekoa igoko da etapa hasieran, eta helmugatik urrun egonda ere, mina egingo du, 2.758 metroraino igotzea ez baita txantxetakoa. Etapa horrek 202 kilometro ditu, eta Santa Cristina Val Gardenan bukatuko da, aurrez Passo Pinei luzea pasa ostean. Lauzpabost kilometroko jaitsiera laburra izan ezik, 31 kilometroko etenik gabeko igoera da Santa Cristina, eta azken bi mila metroek %11.8ko batez besteko malda dute.

Asteazkenean beste mendate razio bat Dolomitetan. Passo Sella hasteko, Piz Boe ikusgarriaren magalean egiten den igoera ederra (3.151 metro). Passo Rolle eta Passo Brocon dira eguneko menuko beste bi mendateak, Brocon bi aldiz (12 km. luze, %6.6ko batez besteko malda). 4.000 metroko desnibel metatua du. Bassano del Grappako etapa, azken koska. Bailaran bukatzen da, baina bitan igoko dute mendate ezagun hori. Zenbaki hotzei erreparatuta, Bassano da Giroko mendate tenteena: 18.1 kilometro eta %8.1eko batez bestekoa. Handik Erroma hiriburura egingo du bidaia tropelak, zigortutako giharrak samurtzeko. Non hobe, Italiako hiriburuko Coliseum erraldoian baino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak