Gora ta gora Euzkadi

Erabiltzailearen aurpegia Anartz Agirre 2017ko urt. 20a, 09:56

Olentzerok euskal selekzioaren ekipazio bana ekarri die aurten Unaxi eta Ametsi. Eta ekipazio hori luzitze aldera, han joan nintzen San Mamesera etxeko bi futbolariak eskutik hartuta.

Bai, gu izan ginen Katedraleko Gabonetako mezara joan ginen urteroko sinestunetako batzuk.

Lau katu harmailetan, politikariak palkoan, jokalariak ofizialtasuna aldarrikatzeko pankartarik gabe zelaira eta bozgorailuetatik Gora ta gora Euzkadi, aintza ta aintza bere goiko Jaun onari.

Jo du txistua epaileak eta hasi dira semeak galdezka: 

"Aita, zergatik ez du euskal selekzioak Eurokopan edo Munduko Txapelketan parte hartzen?". 

"Aduriz, Iñigo Martinez eta Oiartzabal euskal herritarrak badira, zergatik jokatzen dute Ramos, Pique eta Casillasekin batera Espainiako selekzioarekin?".

"Muniainek euskaraz jakin gabe jantzi dezake euskal selekzioaren kamiseta?" –eutsixok/n horri!!!–. 

Eta ni isilik atsedenaldia noiz iritsiko amonak prestatutako bokadiloarekin ametsetan. 

Baina bokadiloak ere ez zidan urteroko patxangaren zapore mikatza goxatu. 

Bigarren zatian ere partidak ildo beretik jarraitu zuen. 

"Español el que no bote" lotsati batzuk, independentziaren aldeko oihu otzanak eta halako batean piztu da Katedrala: "Ari, ari, ari, Tokero lehendakari!!!". "Besterik ez genuen behar", pentsatu nuen nire baitarako. 

Amaitu da partida. Umeak pozik euskal selekzioak 3-1 irabazi duela eta. 

Ni, ordea, triste eta pentsakor itzuli nintzen etxera. Noiz arte jarraitu behar dut semeei gezurretan gure selekzioa Mundialean ikusiko dugula sinistaraziz?

Bestela, datorren urtean Olentzerori edo Errege magoei La Roja-ren kamiseta ekartzeko eskatuko diet, semeentzat. 

Eta Bernabeu edo Pizjuanera eramango ditut Aduriz, Oiartzabal eta Iñigo Martinez behingoz partida ofizial batean ikusteko. "Yo soy español, español" kantatzen dugun bitartean...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak