Esan bai, baina egin...

Inkoherentziaz beterik dago nire bizitza.

Oreka xumeak egiten ibiltzen naiz egunero. Gizakion ezaugarritako bat dela esango nuke. Hau esan, eta bestea egin. Kontraesan horietako batzuekin zerrenda egin dut.

Azken boladan tematuta dabiltza Lan sailetako gobernariak lau eguneko lanaldiak baduela etorkizunik esan eta arautu nahian. Baina, aldi berean, pentsioen erreforma berri baterako akordioa egin eta, oraindik, 67 urterekin jubilatu beharko dugula berretsi dute.

Euskal gehiengoa ordezkatzen duten alderdi abertzaleen ahotan independentzia eta soberanismoa hitzak entzuten dira sarri askotan. Errepublikaren eta erabakitzeko eskubideen aldeko itun solemneak egiten dituzte, baina, egunerokoan, Madrilgo eta Pariseko gobernuen agindu guztiak txintxo betearazten dizkigute.

Klima larrialdiaren aurkako neurriak hartu beharrean gaude, nahi eta nahi ez; amildegia gero eta hurbilago dagoela agerian dago. Gizartearen interesen artean gehien kezkatzen omen gaituen gaia da, baina, sarri, gure ekintzek kontrakoa esaten dute. Harrotasunez iragarri zuten medioetan Aste Santuan Louiko aireportuko trajina. Pentsa, egun bakar baterako 151 hegaldi omen zeuden programatuak. Basque Country ezagutzen batzuk eta basque countryar-ak eguzkia bilatzen beste norabait.

Bukatzeko, zer da garrantzitsuago gizakiaren askatasun aldarria eta eskubidea baino? Baina egunerokoan beste norbaitek erabakitakoa kontsumitzen dugu. Algoritmoak, adimen artifiziala, robotika... deitu nahi duzuen moduan, baina ez gara aske.

Zerrenda luzeagoa da, baina horiek nire bizitzako kontradikzio txiki eta handiak dira eta ez ditut hemen aireratuko. Inkoherentzia batzuk barkatzeko modukoak direla uste dut, beste batzuk nahi eta nahi ez errotik konpontzekoak, eta beste batzuekin bizitzen asmatu behar. Esan moduan, oreka xumeak aurkitu beharko ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak