Sinistu nahi dugu!

Zaila da matxismoaz ezer berririk esatea. Bergarako plazan, azken emakumea hil zuteneko kale bilkuran, kandela batzuk eman zizkiguten antolatzaileek.

Bukatzean, txintxo-txintxo berriz gordetzeko antolatzaileari eman, eta zera esan nion: "Hurrengorako gorde!". Momentuan jabetu nintzen esandakoaz: "Gorde hau, hurrengoan ere hilko dute emakume bat eta orduan ere protesta egin beharko dugu eta". Zoritxarra iragarritako kronika baten kontakizuna...

Erailketa da matxismoaren aurpegirik krudelena, baita agerikoena ere.

Ni, baina, gehien arduratzen nautenak ezkutuko mikromatxismo jarrera oharkabeak dira.

Etxekoandreen gaineko txiste inuzenteak, piropo zaharkituak, inoiz ardura posturik emango ez dioten langile titidunaren desesperazioa, ikastolako guraso bileretako gizon apurren parte-hartzeak...

Pozten nau Bergaran, adibidez, gazteen artean dagoen mugimendu feminista oparoak. Harro begiratzen diet, beraiek baitira hurrengo belaunaldia, guztia aldatuko duten belaunaldia.

Baina borroka honetan gizonezko ausartak ere behar ditugu. Ba al daude? Sinistu nahi dut baietz.

Gero eta konbentzituago nago genero aukera berdintasuna lortzeko gizonezkoek eman beharrezkoaz.

Minigona batek ez dio inori ipurdia ukitzeko eskubiderik ematen, titi gabe ere umeak zaindu daitezke, ez da ingeniaria izan behar labadora bat jartzeko, zaplazteko batek ez zaitu inoren jabe egiten, kolore arrosa oso polita da edonorentzako, gizon ahotsa izateak ez dizu automatikoki arrazoirik ematen, eta abar.

Emakumeok boteretze prozesuari ekin behar diogu, ados. Baina gizonezkoek barneratu behar dute beraien esku ere badagoela gizarte justuagoa eraikitzea.

Sinistu behar dugu guztiok egin behar dugula esfortzua, ez bakarrik emakumeok.

Prest al daude gizonezkoak, jaiotzatik eta emakumeen kontura aitortzen zaien pribilegioei uko egiteko?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak