Gazteenentzat, edo hain gazte ez diren batzuentzat, akaso ez du esanahirik izango berba horrek, baina nerabe nintzela diktadura militar faxista bizitzea tokatu zitzaigun, eta Francoren erregimenak baimentzen zigun askatasun bakarra politikaz aritzen ez ziren aldizkariak leitzea izaten zen.

Behinola, Fans 1965 izeneko bat agertu zen kioskoetan. Horrela jakin genuen The Beatles taldea ezagun egin aurretik Liverpool hiriko The Caver izeneko leku batean aritu zela zuzenean jotzen, egubakoitzero. 

Pare bat hilabete dela gazte batzuek berrireki duten herriko taberna batean sartu nintzen eta sekulako sorpresa atsegina hartu nuen hormatik zintzilik dauden zuri-beltzeko argazkiak ikusita; rockak eman dituen handienak: Jimmy Page gitarra jotzen Robert Planten ondoan! Une batez pentsatu nuen lekuak izan zezakeela antzekotasunik Beatlesek beste famatu batzuen bertsioak jotzen zituzten haitzuloarekin. Eta pentsatu nuen Page eta Planten ondoan ere ondo asko egon zitekeela Paco de Lucia, Camaron de la Islaz lagunduta.

Horretan nintzela zur eta lur geratu nintzen. Barrako mutilak pentsamendua irakurri zidala zirudien: bozgorailuetatik Camaron hasi zen La Leyenda del Tiempo abesten! Leku xarmagarria iruditu zait, sorgintzailea, eta neska-mutilek bikain artatzen zaituzte. Gutxien espero duzunean, gainera, kontzertu akustikoren bat antolatzen dute, herriko eta inguruetako jendearekin. Eta, garrantzitsuena: adin guztietakook daukagu lekua bertan!

Eskerrik asko, benetan, ekarri duzuen haize freskoagatik! Onena opa dizuet!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak