Angula-jana, erraustegia eta herriari hitza

Aretxabaletako EAJko Joxe Miel Uribarreni eta Aitor Gabilondori erantzuna.

Bakoitza nondik datorren gogoratzea baino hoberik ez dago non gauden eta nora goazen jakiteko.

Alderdi batzuetan ohikoa den praktikarekin jarraituz, Zubietako erraustegiaren negozio borobilari mahai baten bueltan eman zitzaion amaiera, eta faktura hainbeste maite gaituzten herritarren kontura ordaindu zen, guztira 2.860,65 euro; hiru mileuristaren batez besteko soldata. Zuek txin-txin egin eta faktura herriak ordaintzen du, egunetik egunera pobretuagoa den eta zalantzazko etorkizuna duen herritarrak, bankuok eta enpresa handiak inolako enpatxurik gabe aberasten zareten bitartean.

Orduko diputatu nagusia zen Markel Olanok (EAJ), Ingurumen diputatu eta GHKko presidente Carlos Ormazabalek (EAJ) eta bankuetako ordezkariek bapo egin zuten angula-jana herritarren kontura.

EHBilduren irudia okertzeko ez duzue enpatxurik, kontsulta herrikoiak erreklamatzeko edota kontsultaren galdera baino manipulatuagoak dauden etxeetara panfletoak bidaltzeko. 

5. edukiontziaren edo atez atekoaren aldeko galdera gaizki formulatutako galdera da eta ondorioz eztabaida faltsu batera garamatza. 

Galdera ondorengoa litzateke: birziklatu bai ala ez? Eta hortxe dago gakoa. Guk oso garbi esan dugu beti birziklatzea ez dela aukera bat, betebehar bat baizik. Zuek ere oso argi hitz egin duzue, ikusi besterik ez dago zein instalazio defendatzen zenuten eta duzuen: erraustegia Zubietan eta hondakinen zabortegiekin jarraitzea. 

Zaborra, erre eta bota. 

Zuentzat birziklatzea ez da apustu erreala, pose politikoa baizik. 

Noiz pentsatzen zenuten Zubietako errauskailuari buruzko kontsulta egitea herriari edota AHTari buruzkoa? 

Eusko Jaurlaritzak ba al du Hezkuntzan eta Osasunean egindako murrizketen inguruko kontsulta egiteko asmorik? 

Bururatu zitzaizuen herritar asko ez zeudela kiroldegi handiki horren alde? 

Agian, galdera sorta honen ondoren lur hartzeak urdaila nahastu dizue. 

Horretarako erremediorik onena zintzotasuna izenez ezaguna den urdail-babeslea hartzea da. 

Badira hilabete batzuk proposatu genizuela demokrazia errealeko kultur politika berri bat egiten hastea eta horretan murgiltzea, zeinetan herritarren parte hartzea lau urtez behin boto ematera joatea baino haratago joango den. 

Gaur oraindik zain gaituzue. 

Nork ukatzen dio hitza herriari? 

Zero zabor, zero langabezia, zero etxegabetze, zero pribilegio, eskubide gehiago, demokrazia erreala, berdintasun gehiago eta justizia sozial gehiago, horiexek dira premiazko lan ildoak eta lan ildo horretan bidelagun izango duzue EHBildu. 

Politika egiteko aire berriak Euskal Herriarentzako.

Eta ea San Valentin egunerako gutxiago maite duzuen herria, baina hobeto.

----------

Ana Bolinaga Uribarren

(Aretxabaletako Bilduren izenean)

Aretxabaleta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak