Azaroaren 25ean denok plazara!

Paradoxikoki, bakean bizi garen gizarte honetan, gure eguneroko jardunean indarkeria bizitzera ohituta gaude, eta normaltasuna deritzogun horretan indarkeriaren punta ezberdinak ezkutatzen dira.

Indarkeria, desberdintasunen sistema osatzen duen alderdi bezala, ikusezin mantentzen da –forma gehienetan– gaur egun ere. Indarkeria gauzatzeko orduan eragina duten alderdi pertsonalei gehiegizko garrantzia ematen zaie; hau da, indarkeriazko egintzen kausak, bereziki, pertsonalak direla sinestarazi digute, eta ez sozialak. 

Indarkeria matxistaren aurrean, biktimak erasotzailea salatzeko eskubidea daukala, edota eraso baten berri daukagunean ez isiltzeko eskatzen diguten mezuak hainbat esparrutatik jaso izan ditugu. Baina berau salatzeak hamaika traba dakarzkigu.

Oraindik ere, sinistu/ez sinistu jokoan murgildurik gabiltza, eta sinesgarritasunak hainbat ezaugarri eta topikoren menpe jarraitzen du. Emakumea hilik aurkitu behar da (edo ia), birjina izan behar du (edo ia) edota erasotzailearekiko inongo keinu positiborik erakutsi ez zuela frogatu behar du. Ez al da nahikoa ezezko bati entzungor egitea pertsona baten askatasuna urratzen gabiltzala konturatzeko? 

Ez da kasualitatea emakumeon sinesgarritasuna, bizimodua eta erabakia etengabe zalantzan jartzen duten jarrerak nagusitzea. Sistema oso batean makineriaren beste emaitza bat baino ez baita hau. Eta interesgarria, komentario eta erresistentzia hauek gure inguru hurbilean edo lagunartean nola sortzen diren aztertzea. 

Autodefentsa feminista dugu estrategia eta tresna pertsonal zein kolektibotzat, elkartasuna oinarrizko urratsa: bereziki, Bergaran gizon berberarekiko salaketa jarria duten lau emakumeei gure elkartasuna adierazten diegu Debagoieneko Emakumeen Mundu Martxatik. Eta azaroaren 25ean, erasoa jasan eta erasotzailea salatzeko adorea atera duzuen emakumeokin batera aterako gara denok gure herrietako plazetara.

----------

Amaia Azpeitia eta Rebeka Maestro 

(Debagoieneko Emakumeen Mundu Martxaren izenean)

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak