Zaintza mozorro

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Arroyo Sagasta 2022ko ots. 26a, 00:00

Ez ditut Aratusteak atsegin. Sekulako lotsa pasatzen dut mozorrotzen naizenean. Gainera, badira benetan gorroto ditudan mozorro batzuk: maskarak. Atzean zein dagoen ez jakiteak ezinegona sortzen dit, batez ere, berak ni ezagutu eta nigana gerturatzean. Ahotsak identifikatzen laguntzen du, baina inoiz ez dut ulertu izan ezkutuan ibiltze horrek duen xarma.

Ez dakit paralelismoa den edo azkenaldian lo faltak umorea ukituta utzi didan, baina gero eta mozorro/maskara gehiago antzematen ditut nire inguruan. Osasun mentala lehenengo lerrora ekartzeko saiakera handiak egiten ari diren garai honetan, bada benetan hasarrarazten nauen mozorro bat: zaintzarena. "Elkar zaindu behar dugu". "Besteon egoera pertsonal eta emozionalak ez ulertuta ere, beren sufrimendua errespetatu eta enpatiaz jokatu behar dugu". "Kontziliatzeko aukerak eskainiko ditugu". "Entzun egingo zaitut". Eta abar eta abar da zaintzaren mozorro festa.

Zer dago kareta horren atzean? Guztiekin gertatzen den bezala, ez dago garbi. Nire ustez, ez dugu benetan ulertzen zer den zaintza, ezta zer den bestea entzutea, errespetatzea eta enpatiaz jokatzea ere. Argi ez daukadana da ezjakintasun horren oinarria: gaitasun falta, gogo falta, indibidualismoa edo, hotz-hotzean esanda, soberbia eta harrokeria den. Errealitate krudela da biztanleriaren masa handi batek sufritu egiten duela egunero hainbat arrazoirengatik –izan eguneroko txikikeriengatik, izan bizitzaren korapilo sakonengatik–, eta ez da zaintzaren kultura errealik. Ahoa betetzen zaigu, baina itxurakeria besterik ez da.

Egoera horrela, "zer moduz?" galdetzen dizutenean, "ondo!" erantzutera behartuta zaude, inor ez baitago prest beste erantzun bat edo laguntza eskaera bat jasotzeko. Eta horrela jarraituko dugu: Inauteri eternalean, zaintzaren mozorroa jantzita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak