Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez!

Espainiar Gobernuak LOMCE hezkuntza erreforma basatia onartu eta indarrean jarri du.

2014-15 ikasturtean abian jartzeko arazo teknikoez harago, datorren ikasturtean zein hurrengoetan lege honen aplikazioa ekiditeko eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema egituratzeko, pausoak ematea ezinbestekoa dugu. 

Nabaria da Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienon, ikasle, familia, langile eta beste hainbat elkarte eta erakunderen erabateko aurkakotasuna. Zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista den legea Euskal Herrian inposatzea inola ere ez dugu onartzen. 

Euskal Herriko alderdi politikoei eta Nafarroako eta EAEko legebiltzar eta gobernuei behin eta berriro eskatu diegu eta eskatzen diegu LOMCEa gure herriko ikastetxeetan ez dezatela aplika eta horretarako bitarteko guztiak erabil ditzatela. 

Hezkuntza eragileok LOMCEa gure herrian aplika ez dadin estrategia komunak eta bitartekoak lantzen ari gara. Bergaran Hezkuntza Mahaia osatu da herritarren bultzadaren eta San Martin ikastetxearen, Migel Altunaren, Aranzadi Ikastolaren, Ipintza Institutuaren eta Helduen Eskolaren oniritziarekin. Helburuak dira Bergarako hezkuntza komunitate osoa (irakasle, ikasle, guraso, herritar…) islatzea, LOMCEren kontra indarrak batzea eta hezkuntza propioa eraikitzea. 

Eta ezinbestekoa deritzogu azken hamarkadetan inposatu nahi izan dizkiguten lege eta dekretuen gainetik ehuntzen joan garen hezkuntza ereduari jarraipena eman eta hezkuntza sistema propioaren garapenean pauso berriak emateari. 

Asko dugu egiteko, baina orain arteko bide hori aintzat hartuz, baditugu abiapuntua diren eta garatzeko premia duten adostasun zabala batzen duten oinarrizko edukiak. 

Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza eraikitzerakoan ardatz hauek hartu nahi ditugu hezkuntza eragileen artean, ikastetxeetako ikasle, familia eta langileekin eta herritarrekin batera landu eta garatzeko: 

1-Ikasle garapen beharrak eta eskubideak bermatuko dituen heziketa integrala (pertsonalizatua, inklusiboa, hezkidetzailea, kritikoa…) eta baliabide guztiak izango dituena. 2-Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituena. 3-Curriculum propioa izango duena. 4-Ikastetxeen autonomia eta parte hartze eta funtzionamendu demokratikoa bermatuko duena. 

LOMCEri aurre egiteko eta gure hezkuntza propioa eraikitze bidean ezinbestekoa da hezkuntzan dihardugunon eta herritarren inplikazioa. Horregatik, antolatuko ditugun ekimenetan eta luzatuko ditugun proposamenetan parte hartzea eskatzen dizuegu. 

Bergarako Hezkuntza Mahaiak, herriko ikastetxe guztietan, ostiralero jolas orduetan LOMCEren aurkako 5 minutuko kontzentrazioak egitea adostu du. Lehen ekintza izango da, baina Hezkuntzaren Mahaiak lanean jarraituko du. 

Apirilaren 3an 19:00etan kultur etxean egingo den bilera irekira interesatu guztiei gonbidatzen zaituztegu. 

Guztion artean lor dezakegu! Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez!

----------

Arianna Arizabaleta, Ibane Baseta, Xabi Eguren eta Idoia Larrañaga

(Bergarako Hezkuntza Mahaiaren izenean)

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak