Udako soinu-banda

Haurtzaroko uda aldiak ondo gogoratzen ditugu. 

Musika zehatzak dituzte lotuta, nerabezarokoek eta gaztarokoek bezala. Hiru hilabeteko udara urrun haiek zeuzkaten itsatsita hainbat soinu, halaber, soinu paisaiak deitzen ditugunak: uretakoak, txilioak, itsasoko olatuena, antxetena, gazteen motorrenak, herriko musika bandarena enparantzako tenpletean, barraketako soinu estridenteena, lantzean behin zerua zeharkatzen zuten hegazkin txikienak edo helikopteroenak –hondartzan jendea zutik gora begira, eguzkiaren kontra, "zer gertatu ote da?"–.

Lekeition pasatzen genituen guk udaldiak, haurtzaro eta nerabezaro guztia han igaro genuen urteko sasoi honetan. Eta soinu paisaia biografikoen artean, 1983ko uholdeena dut oso gogoan. Euriaren soinu etengabea, goraino zetorren Lea ibaiaren orroa, uraren indarraren soinua. Irratian Supertramp taldearen It’s raining again abestiaren doinu alaiak ipini zituzten, egoeraren dramatismoa apaldu nahian edo. Bilbora jaitsi nintzen aitarekin argazki-karrete bat errebelatzera, Gran Vian zegoen argazki denda oso ezagun batera. Eta Arriagako zubitik ikusi genuen paisaia suntsitua ere ez ahaztekoa dut. 

Urtaroak, klima aldaketarekin batera, joan dira nahasten azken urteotan. Antonio Vivaldiren lau urtaroen maisulana, hiru mende geroago, beste modu batean konposatu beharko zen gaur egun. Oraingo udak gero eta beroagoak dira, geure seme-alaben soinu-banda guk ezagutu genuenaren dezente desberdina da, bestela ere tokatzen zen moduan. Baina urtaroak hankaz gora egon arren, identifikatu ditzakegu doinu argitsuak, malenkoniatsuak, distiratsuak, lanbrotsuak, umelak, hotzak, motelak, epelak edo ilunak, unearen arabera. Puzzlea ederra da.

Sasoi honetan, jarduera asko eteten dira, udan hibernatzen gara. Zarautzen, behintzat, ezin ditugu planteatu urtean zehar antolatzen ditugun ekimenak. Hondartzaren, terrazen eta izozkien aurka ezin gara borrokatu, eta heriotzaren eta bizitzaren inguruko hausnarketa existentzialak aparkatu behar ditugu. Bizitzak eta heriotzak aurrera berdin-berdin jarraitzen badute ere, baita ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean ere. Baina udaren aurka jai daukagu. Gainera, aurten itzuli dira hondartzako toldo klasikoak, festak, su artifizialak... Dena bor-bor egongo da.

Azken aste hauetan, nire aldetik, jarraitu dut zortzimilakoak igotzen Mendian hil. Hirian hil pelikula ederrarekin. Lehenengo-lehenengoa Mendi Filmekoa izan zen, 2020ko abenduan. Bigarrena, Arrasatekoa, bi egunez Amaia bete genuenean –eduki murriztuarekin–. Hirugarrena Aretxabaletako, Aramaioko eta Eskoriatzako proiekzio haiek guztiak izan ziren. Laugarrena, Iruñeko Mendi Tourra. Bosgarrena, Gasteizkoa. Seigarrena, Tolosakoa. Zazpigarrena, Donostiako Principe zinema aretoetan bi astez ikus-entzungai egon zenekoa. Zortzigarrena, Zarauzko MT zirraragarria. Bederatzigarrena, Urretxukoa, noski. Hamargarrena, Izabako MTa eta Ukerdiko zinemaldiaren saria. Hamaikagarrena, Galiziako birako hiru emanaldiak, galizierazko azpidatziak estreinatuz. Hamabigarrena, Torelloko mendi zinemaldia. Hamahirugarrena, Oñati, Antzuola eta Bergarako aurkezpen jendetsuak. Hamalaugarrena, Huescako birako beste hirukotea. Eta, bai, hamabosgarrena ere egin dugu, Palma de Mallorcan. Etorriko direnen zain, apaltasunez baina egindako lanari balioa emanez. 100 emanalditik gora, 60 udalerritan; horietatik hamalau, Euskal Herritik kanpo. Heriotzari buruzko euskarazko dokumental batekin. Protagonistek eta Artemaneko artistek ez dituzte txaloak jaso pase gehienetan, eurentzat ere izan arren.

Dokumentalarekin ere udan etenaldia egingo dugu, nahiz eta beroaren aurka zineman, museo batean edo supermerkatuan sartzea ideiarik hoberenetarikoa den. Mendian beroa jasatea ez da gauzarik atseginena; batzuek, behintzat, nahiago izaten dugu busti eta arropaz ondo tapatu egun hotzetan. Badaukate, bestela, kostaldeko mendiek sekulako xarma. Itsasoa eta mendia. Haizetxoa dabilenean, tenperaturak gogorrak ez direnean, egun osasuntsu haietan. Udako soinu-banda ederra osatzen dute kilkerrek, animalien zintzarriek, enarek eta baserritarren traktoreek. Pista batzuk ematen nabil ikus-entzunezko hurrengo proiektuari buruz...

Izan dezagun uda ez beroegia, hasiera nahiko txarra izan dugun arren. Osasuna!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak