goiena.eus

Gérard Godon-ekin dantzaldia: kronika eta argazkiak

Erabiltzailearen aurpegia
Goxoa. Hori izan daiteke Gérard Godon-ekin izan genuen dantzaldia deskribatzeko hitz egokiena. Goxoa, eta interaktiboa, Gérard-ek dantzarien artean jo baitz zuen, baita dantzariekin elkar-jokoan ere.

Maiatzaren 7an izan genuen Godon-ekin dantzaldia Elgetako Espaloia Kafe Antzokian, Herrixa Dantzan egitarauaren barne eta Elgetako Udalak lagunduta. Espero baino dantzari gutxiago bildu ziren (hain aukera apartekoa izanda), baina halere hirurogei lagun pasa. Ez dago gaizki, eta leku aldetik dantzarako gustura.

Lotuan egiteko dantzak ditu Godon-ek gustukoen, eta horiek eman zituen batez ere: baltsak, scottish edo txotisak, polka, mazurka... Horien artean, bere zaletasun handia diren erritmo irregularrak ere bai. Musika sentituz, dantzara!

Lotuez gain, Frantziako bal folk dantzaldietan ohikoak diren Chapelloise eta Circle circassien (Borobila), geurean ere sobera ezagunak. Ah, eta eman zizkigun ere Zazpi jauziak, Lantzeko zortzikoa (inoiz entzun dudan goxoen, eta gustura dantzatzekoa), eta fandango eta arin-arina.

Frantziako Berry eskualdekoa da Godon, bertatik zetorren. Horregatik, proposatu zigun bere eskualdeko dantza genero ohikoena: bourrée. Bikoteka soltean egiteko dantza generoa da, gure jotaren baliokidea edo. Euskal Herrian arrotza zaigu, baina bere etxekoa zenez, proposamena onartu, eta han aritu ginen, lehenbizi 3/8 erritmoko bourrée bat ingurutxo eran inprobisatuta (doinua geure dantza-moldeetara ekarrita). Gero, haien azalpenei jarraituta, binaka lerrotan eta korruan, zelabait...

Gustura. Bai dantzariak, bai antolatzaileak, baita musikaria ere. Guretzat gozamena, halako musikariak geurera ekarri, eta ohiko dantzarako beste sonoritate batzuk dastatu ahal izatea.

Bezperan Baionan

Bezperan Baionan izan zen Gérard Godon, Agnès Perez-ek antolatuta. Arratsaldean dantza lotuen gainean ikastarotxoa eman zuen Ahetzeko Denen xokoa dantza-gelan. Eta gauean, Baionako Forum-eko dantza-gelan dantzaldi luzea. Lehenbizi Godon. Ondoren, Mikel Perez-ek bal folk zirkuituan ohikoak diren beste dantza-pieza batzuk eskaini zituen. Eta amaierarako, Gasteizko Ilunabarrean Dantzan saioetako musikari taldeak bere dantzalditxoa eman zuen.

Agnès Perez-ek izan du Gérard Godon Iparraldera ekartzeko ekimena. Herrixa Dantzan-ek aprobetxatu nahi izan du, bi aldeen mesederako, eta Hegoaldera ere ekarri. Jasotako emaitza ona ikusita, animatuta gaude errepikatzeko. Dantzaldiaren osteko afarian tratua egin genuen datorren urterako. Adi, beraz.

Argazki galeria hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa