ALBISTEAK

Alkate kargua hunkituta hartu du Dorleta Elkorobarrutiak

Josu Bilbao Atxutegi 2023ko eka. 17a, 15:09

Hautesleen Elkarteko bost kideen babesa jaso du Dorleta Elkorobarrutiak, emozioz betetako ekitaldian. Izan ere, aurreko alkate izandako Eugenio Otsoa gogoan izan dute gaurkoan.

Leintz Gatzagako Hautesleen elkarteko Dorleta Elkorobarrutia hautatu dute gaurkoan alkate, hurrengo lau urteetarako. Udal hauteskundeetara Hautesleen Elkartea bakarrik aurkeztu zen, eta gaurko ekitaldian, herritarrek aukeratu dituzten bost kideen botoak jaso ditu Elkorobarrutiak. Azken hilabeteetan alkate izan den Jon Sasianek eman dizkio aginte-makila eta zumitzezko txibita.

Ekitaldia 11:30ean hasi da eta azkar joan da, behin adinekoen mahaia osatuta, Hautesleen Elkarteko bost kideek botoa eman diote-eta Elkorobarrutiari. Alkate berriak prest eta gogotsu daudela azpimarratu du kargua hartu bezain laster.

Alkate berriak, aldamenean izango ditu Udal Gobernuan, Eneka Zankada alkate ohia (2015-2018), Aiora Elkorobarrutia, aurreko korporazioko kide zen Juan Bengoa eta Idoia Armendariz.

Eugenio Otsoa gogoan

Eugenio Otsoa izan zen Leintz Gatzagako azken hautatutako alkatea, baina Otsoa otsailean zendu zen. Emozioz beteriko uneak bizi izan dira Leintz Gatzagako udaletxean, Eugenio Otsoa Gerra oroitu dutenean. Alkate izendatu berri duten Dorleta Elkorobarrutiak hitz batzuk esan nahi izan ditu haren omenez.

Alkateak irakurritako testua:

"Guk ere Gerra-k sinisten zuen bezala, sinisten dugu gure herrian, herritarron inplikazioan eta talde eragile guztiek daukaten indarrarengan. Sinisten dugu arbasoek utzitako baso, herri hizkuntza, nortasun... Ondare horren mantentzean eta defentsan.

Sinisten dugu herri txikiak bizirik mantentzeko sustatu beharko dugun mugimenduan. Eta zin egiten dugu datozen urteotan aurrekoek egin izan ohi duten bezala Aurrera bolie! lelopean Gatzagatik, Gatzagandako lan egiten jardungo dugula".

Ekitaldia bukatu ostean, aurreko korporazioko eta korporazio berriko zortzi kideak batera joan dira bazkaltzera eta eguna ospatzera.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak