Ibai Agirreurreta: "Aurtengo ibilbideak bidezidor gehiago ditu, teknikoagoa da"

Eneko Azurmendi 2017ko abu. 31a, 16:15

Ibai Agirreurreta.

Aurten 15 urte betetzen ditu Leintz Gatzagako BTT lasterketak, eta zirkuituan hainbat aldaketa egongo dira. Gazte talde batek diseinatu du ibilbide berria. Irailaren 10ean izango da lasterketa, 09:00etan. Haurrendako lasterketa, berriz, 10:00etan izango da. Azken honetako ibilbidean ez da aldaketarik egongo, bi kilometro izango ditu.

Ze aldaketa izango ditu zirkuituak?

Aurtengoak bidezidor gehiago izango ditu, zirkuitu teknikoa da; izan ere, orain arte, pista asko zegoen. Distantzia ere luzatu egin dugu. 27 kilometro izango dira, 1.200 metroko desnibelarekin. Iazko zirkuituarekin alderatuta, gogorragoa dela esango nuke, baina, bizikletan ibiltzen den edonorentzat, nahiko erraza. Azken finean, profil horretako jendeari zuzendutako martxa da, ez da edonorentzat.

Zergatik aldatu duzue ibilbidea?

Azkeneko urteetan parte-hartzaile kopurua jaitsita zegoela ikusten genuen. Urtero gutxi gorabehera ibilbide bera izaten zen. Guk geuk urtero egin izan dugu eta gure artean komentatzen hasi ginen jendea aspertuta zegoela beti ibilbide bera egiteaz, eta aldaketa baten beharra ikusi genuen.

Zein izango litzateke jendea parte hartzera hurbiltzeko mezua, antolakuntzaren partetik?

Aurten egin ditugun aldaketekin, nire ustez, bizikleta gainean disfrutatzeko moduko ibilbidea dela, ikuspegi ederrak eskaintzeaz gain, ibilbidea bera ere oso polita iruditzen zaigulako. Horrez gain, urtero moduan, antolakuntza oso ona da. Anoa guneak oso ondo prestatuta izaten ditu eta ibilbidea ondo seinaleztatuta dago.

Izena emateko zer egin behar da?

Egunean bertan izango da horretarako aukera, lasterketa hasi aurretik. Bestalde, Kirolprobak.com webgunean ere horretarako aukera egongo da.

Aurrera begira, asmo berarekin jarraituko duzue?

Bai; datorren urterako baditugu gauza berri batzuk buruan, baina joango gara pixkanaka gauzak aldatzen, ez genuen gura urte batetik bestera lasterketa goitik behera aldatu. Gu berez ez gaude antolakuntza batzordean, baina haiekin harremanetan jarraituko dugu, aurrerantzean ere elkarlanean aritzeko helburuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak