Orotariko kirol eskaintza aurten ere

Eneko Azurmendi 2017ko ira. 1a, 16:26

Inaxio Perurena, iaz, Andramaixetan egin zuen erakustaldian.

Andramaixetako azkenengo eguna –irailak 10, domeka– herriko kirolzale eta kirolariei zuzendutako eguna izango da; izan ere, pilota partiduak, herri kirolak eta kale bloka izango dira, 15. urteurrena beteko duen BTT lasterketaz gain.

Domeka arratsaldean, pilota partiduak izango dira protagonista, 17:00etan hasita. Infantil mailako finala izango da lehenengo partidua: Egiguren-Alonso azpeitiarrak Sein-Aburuza oiartzuarren aurka. Bigarren partiduan, berriz,  elite mailako pilotariak izango dira aurrez aurre: Alberdi azpeitiarra eta Garmendia beasaindarra Murua-Bolinaga bikote arrasatearren aurka arituko dira. Nabarmentzekoa da Murua arrasatearra oraindik gazte mailako jokalaria dela, baina dagoeneko bost txapel irabazi ditu aurten –Lizarran, Deban, Añorgan, Legution eta Donezteben–.Beraz, lehia polita espero da bi bikoteen artean.

Pilotarekin lotuta, irailaren 17an, Gatzagako txapelketako finalak jokatuko dira, 10:00etan. Lehenengo, zazpi urtekoak: Ormazabal-Landa zegamarrak Clavijo-Ibarguren azkoitiarren aurka. Bigarrenik, zortzi urtekoak: Bidezabal-Elosegi azpeitiarrak Segurola-Etxaniz azkoitiarren aurka. Hirugarren partiduan, bederatzi urtekoak: Aldazabal-Arregi azkoitiarrak Gaztañaga-Beroz andoaindarren kontra. Hamar urtekoetan, Perez-Alzelai legazpiarrak Murua-Agirre alegiarren aurka. Hamaika urtekoetan Aldazabal-Segurola azkoitiarrak Beitia-Etxeberria lesakarren aurka. Hamabi urtekoetan, Barandika-Kareaga munitibartarrak Etxani-Juaristi azkoitiarren aurka, eta hamalau urtekoetan, Ituarte-Paskual atxondoarrak Ibarloza-Urrutia markinarren aurka.

Herri kirolak eta kale bloka

Aurten herri kirol mistoak izango dira. Joannes Mendizabal kultura zinegotziaren esanetan, normalean gizonezkoekin lotzen dira kirol hauek. "Horri buelta bat eman nahi izan diogu emakumezkoen parte-hartzearekin", azaldu du. Hala, emakumezko bi aizkolari –Irune Izkue zubietarra eta Itsaso Ontsalo itsasoarra– eta gizonezko harri-jasotzaile bat –Jokin Eizmendi zarauztarra– izango dira protagonistak, 12:30ean hasiko den ekitaldian.

Azkenik, kaleko pareta eta harrietan eskalatzeko aukera ere egongo da, hainbat monitorek gidatuta, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak