Beste ordutegi batean bisita jaso nahi duenak, aldiz, erreserba egin beharko du; horretarako, 943 71 47 92 telefonora deitu beharko da. Hamar pertsonako taldetik gorako bisitariek, bestalde, erreserba egin beharko dute gatzmuseoa.com webgunean. "Bisita gehien asteburuetan izaten ditugu, baina eguneroko bisitetara ere etortzen da jendea… Hala, museoa uztail osoan zehar egunero izango dugu zabalik eta espero dugu jendea etortzea…", azaldu du Aitor Larrañagak, Gatz Museoko arduradunak.
Herritarrentzat gonbidapena
Uztaileko hiru domeketan, 11:00etan, Leintz Gatzagako herritarrak izango dira bisitan museoan. Herriko etxe guztietara gonbidapena bidali dute eta museoa oraindik ikusi barik duten herritarrek aukera izango dute ezagutzeko. Pasa den domekan hasi ziren herritarrendako bisitak, eta domeka honetan eta hurrengoan aukera izango dute ikusteko.
Guardiako azokan
Zapatu honetan, bestalde, Gatz Museoak Arabako Errioxako Guardia herrian ospatuko den Lehenengo Enogastronomia Iraungarriaren Topaketan parte hartuko du.
Produktoreen azokan postu bat izango dute gatzagarrek, eta hemengo gatza, gatz xaboiak eta txokolate gazia izango dituzte han salmentan.