Zer moduz ari zarete pasatzen?
Oso ondo ari gara pasatzen. Hainbat joko, jolas eta irteera egiten ari gara, ez dugu aspertzeko tarterik. Gainera, herrian denok elkar ezagutzen dugunez, oso ondo gaudela esango nuke.
Ume gutxi, baina lan gogorra, ezta?
Bigarren aste honetan zortzi haur izan ditugu udalekuetan; lehenengo astean, aldiz, hamar. Hala ere, asteka izena emateko aukera eman dugu, eta 3 urtetik 10 urtera arteko haurrak daude soilik. Adin horretatik gorakoak Eskoriatzako edo Aretxabaletako udalekuetara joaten dira, adin diferentzia handia dutelako Gatzagan…
Astean behin irteera bat egiten duzue; nora egingo dituzue?
Lehenengo astean, Landara joan ginen oinez Gatzagatik. Aste honetan, Araiako igerilekuetan izan gara, eta hirugarren astean, Dorleta Santutegiko belardira joango gara, kanpin dendak muntatu eta bertan gaua pasatzera.
Hiru asteko udalekuak amaituta, ekintza berezia ere izango da, ezta?
Bizikletan Lizarrara joango dira haurrak uztailaren 25ean, Estibaliztik irtenda hiru edo lau etapa eginaz. Kasu honetan, bi begirale joango dira, eta 10 urtetik gorakoentzat zuzenduta dago. Hala ere, izen-ematea itxita dago dagoeneko.